Gazten afinazioaren sekretuak ezagutzen
Leartiker Esneki Zentroak lan-hitzarmen bat sinatu zuen Mons Formation-ekin 2020. urtean. Akordio horri esker, Mons Formation-en delegazio bihurtu gara estatu-mailan, gaztagile profesionalei formakuntza programak eskaintzeko helburuarekin, beraien lanbide-trebetasunak sakontzen laguntzeko eta gazta artisauen sektorearen garapena sustatzeko.
Mons Formation-en delegazio izanik, “MONS experience” bizitzera etorri gara lan-taldean. Aukera paregabea izan da gaztak afinatzeko duten lan-modua bertatik bertara ezagutzeko eta bizitzeko. Gazten afinazioaren inguruko ezagutzak eta esperientziak partekatu genituen, baita ezagutza horiek praktikan jarri ere.
Bertako instalazioetan dauden Saint Haon le Châtel, afinazio-kobak bisitatu genituen, zeintzuetan, une oro, 250 gazta baino gehiago ontzen dituzten, gehienak esne gordinarekin eginak. Laurent Monsen hitzetan afinazioa giro baldintzen, lekuaren, denboraren eta gazta bakoitzari ematen zaion arreta espezifikoaren arteko alkimia konplexu baten emaitza da.
Tunnel de la Collonge afinazio tunel berezira joateko aukera ere izan genuen. Gazta bakoitzak beharrezko ehundura, zapore eta azala garatu ahal izateko baldintza ezin hobeak daude tenperatura egonkor eta hezetasunez betetako gaztak afinatzeko espazio honetan. Hala ere, prozesu horretan afinatzailearen figurak esperientzia eta ezagutza baino zerbait gehiago izan behar du; intuizio berezi bat gaztak bere balio gorenak lortu dituen une zehatz hori identifikatu ahal izateko.
“Tunnel de la Collonge” afinazio tunela
MONS taldeak ukitu berezia duten gaztak mantentze aldera agertzen duten grina aipatzeko modukoa da. Horri esker zenbait gazta berezi dastatu izan ahal ditugu, besteak beste, Fourme de Montbrison antzinako izaera duen gazta urdina. Ekoizle bakarrarekin galbidean egon ondoren, gaur egun, 7 gaztandegik ekoizten dute eskualdeko 58 ustiategietatik jasotako esnetik abiatuta. MONS-ek orain dela 4 urte erosi zuen SAUVAIN gaztandegia eta Fourme de Montbrison gazta afinatzeko koba paregabea. Bertan, ur-errotak moldatu dituzte ur-fluxu konstantea bermatzeko eta afinazio guneak behar duen hezetasuna ziurtatzeko.
“Fourme de Montbrison” gaztaren ekoizpena eta afinazioa lurpeko koba berezian
Bisita hauek burutzeaz gain, aniztasun handiko gazta motak eskaintzen dituzten MONS denda espezializatuak bisitatu ditugu, gaztaren kultura eta aberastasun zabalaz gozatuz.
2025ari begira Leartiker Esneki Zentroaren helburuetako bat esneki eta esne sektoreko profesionalei formakuntza espezializatua eskaintzea da. Horrela, Mons Formation-ekin lankidetzan, formakuntza ekintzak antolatuko dira, nazio-mailako esneki sektoreko profesionalei zuzenduta.
Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugan garapen iraunkorra sustatzea helburu duen Know N Cheese (Interreg POCTEFA) proiektupean antolatutako ekintza izan da eta partekatutako ezagutza eta esperientziei esker proiektu honetako ekintzak elikatuko ditugu hurrengo hilabeteetan zehar.
Mons Fromager-Affineur
Mons Fromager-Affineur mundu mailako erreferentea da gazten afinazioan. 2005ean Frantziako Mons Fromager-Affineur enpresaren ikastetxea sortu zuten Mons anaiek: MONS Formation. Esnekien afinazio eta merkaturatzean espezializatutako prestakuntza zentroa da, zeinaren helburua gaztagintzaren kultura ahalik eta jende gehienari transmititzea den.