
CAFIQUE proiektua: gaztandegi artisauen errealitatera egokitutako ontze‑sistema adimendunen garapena
Gaztagintza artisauaren sektorea gero eta gehiago profesionalizatzen ari bada ere, oinarrian mantentzen den errealitate bat dago: ekoizpen bolumen txiki edo ertainetan lan egiten duten gaztandegiak dira nagusi, askotan instalazio eta baliabide mugatuekin, baina produktuen kalitatean eskakizun handiarekin. Testuinguru horretan, ontze‑prozesua da gehien baldintzatzen duen faktoreetako bat.
Arazo nagusia ez da soilik gazta tipologia anitzen kudeaketa; ekoizpen bolumena bera da erronka giltzarrietako bat. Egungo merkatuan dauden ontze‑kamerak eta teknologia gehienak bolumen handietarako diseinatuta daude, industria eskalako ekoizpen logikari erantzunez. Ondorioz, mikrogaztandegien errealitatean dimentsionalki eta funtzionalki egokiak ez diren soluzioak erabiltzen dira sarritan, eta horrek zuzenean eragiten du ontze‑prozesuaren kontrolean eta, azken batean, produktuen kalitatean.
Premia horri erantzuteko sortzen da CAFIQUE proiektua. Helburua gaztandegi artisauen benetako eskala produktiboetara egokitutako ontze‑ekipo adimendunak garatzea da, non ez diren soilik gazta mota desberdinen behar teknologikoak kontuan hartzen, baizik eta baita ekoizpen bolumen txiki eta aldakorrak ere. Horrek esan nahi du ekipamendua hasieratik diseinatzen dela baldintza dinamikoetan lan egiteko: karga maila desberdinak, lote berrien sarrera progresiboa eta aldakuntza jarraitua.
Interkooperazioan oinarritutako soluzio integrala
Erronka horren konplexutasunak ekarpen osagarriak eskatzen ditu, eta horregatik egituratu da proiektua interkooperazioan:
- Esneki Zentroak (Leartiker) sektorearen ezagutza aplikatua eta esperimentazio gaitasuna eskaintzen ditu, proiektuaren gidaritza teknikoa bere gain hartuz. Gaztandegi artisauen errealitatea sakon ezagutzeak aukera ematen du premia zehatzak identifikatzeko eta soluzioak horietara egokitzeko.
- KIDE enpresak ezagutza hori industria‑soluzio bihurtzen du, ekipamenduaren diseinua, fabrikazioa eta optimizazioa garatuz. Horrela bermatzen da proposatutako soluzioak benetan aplikagarriak eta eskalagarriak izango direla.
- Mondragon Unibertsitateak fenomenoen ulermen sakona eskaintzen du, modelizazio numeriko eta simulazio aurreratuen bidez. Horri esker, ekipamenduaren barruko baldintzak optimizatzeko oinarri zientifiko sendoa eraikitzen da
Elkarlan honi esker, Esneki Zentroaren lidergoak bermatzen du soluzioak gaztandegi artisauen benetako beharretatik abiatzen direla; KIDEren gaitasun industrialak horiek aplikagarri bihurtzen ditu; eta Mondragon Unibertsitatearen ezagutzak oinarri zientifikoa ematen die.
Hiru eragileon lankidetza, gainera, ez da lankidetza arrunta: hirurak MONDRAGON Korporazioko kooperatibak gara. Horrek interkooperazioa beste maila batera eramaten du, partekatzen ditugun balioek (konfiantza, gardentasuna, konpromisoa eta helburu komunekiko orientazioa) lan dinamika errazten eta indartzen baitute. Ezagutza partekatu egiten da, erabakiak modu koordinatuan hartzen dira, eta proiektuaren norabidea modu bateratuan eraikitzen da.
Esneki Zentroaren lidergoa: sektorearen errealitatetik berrikuntza gidatuz
Proiektuaren ardatzean Esneki Zentroaren lidergoa dago. Ezagutza teknikoaz harago, gure balioa da gaztandegi artisau mailako esperientzia zuzena izatea eta hori proiektuari transmititzea.
Horrek esan nahi du proiektuan egiten den lana baldintza errealetan garatzen dela: gazta tipologia ezberdinak ekoizten eta ontzen dira, ontze‑kameraren karga mailak etengabe aldatzen dira, lote berriak sartzen dira aurrekoak ontze fase aurreratuan dauden bitartean, eta ingurumen baldintzen aldaketek duten eragina aztertzen da.
Gainera, parametro kritikoen (tenperatura, hezetasuna, CO₂…) monitorizazio jarraitua egiten da, eta datu horiek gazten kalitatearekin lotzen dira. Horrela, ez da soilik ekipamendu baten portaera aztertzen, baizik eta ontze‑prozesu osoa ulertzen da sistema dinamikotzat, gazten, ekipamenduaren eta kanpo baldintzen arteko interakzioa kontuan hartuta.
Ikuspegi horrek aukera ematen du ekipamendu berria ez diseinatzeko baldintza ideal edo estatikoetarako, baizik eta sektoreak benetan bizi duen errealitaterako: bolumen aldakorrak, tipologia aniztasuna eta baliabide mugatuak.
Horretarako, kontrol adimenduna, sensorizazioa eta datuen erabilera aurreratua funtsezko elementuak dira. Horrela, gaztaren kalitatea ez da kasualitatearen menpe geratzen, baizik eta kontrolatutako eta optimizatutako prozesu baten emaitza bihurtzen da.
Azpimarratzekoa da, gainera, proiektu honetan zehar garatutako saiakera esperimentalek eta sortutako ezagutzak transferentzia argia ahalbidetu dutela ikerketatik industriara. Horri esker, epe motzean KIDEk gaztandegi artisauen beharretara egokitutako ontze‑kamera berria merkaturatzen hasiko da, proiektuan eskuratutako ezagutza praktikara eramanez.
Norabide honetan, Esneki Zentroak berresten du bere konpromiso sendoa gaztagintza sektorea indartzeko eta bide lagun izateko: ezagutza sortuz, transferituz eta soluzio errealak garapenera eramaten lagunduz. CAFIQUE bezalako ekimenek erakusten dute gure egitekoa ez dela soilik ikertzea, baizik eta sektorearekin batera haztea eta etorkizun lehiakor eta jasangarriago baterako oinarriak elkarrekin eraikitzea.



