BLUECARE proiektua, gazta urdina fintzeko edo afinatzeko prozesuaren kontrola, lehengaietatik hasi eta produktua merkaturatu arte

EAEko gaztagintza sektorea, tradizioz artisau-mikroenpresek osatutakoa, dibertsifikazio-prozesu batean murgilduta dago, gazta berritzaile berriak garatuz, merkatu-nitxo berriak aurkitu ahal izateko. Testuinguru horretan, gazta urdina sektoreko apustu irmotzat hartzen da merkatuan duen onarpenagatik.

Gazta-tipologia berriak sartzeko prozesu horretan, azken produktuaren nutrizio- eta kalitate-sentsoriala eta elikaduraren segurtasuna bermatuko dituen ezagutza behar da. Horrela, proiektu hau sortu da, eta gazta urdina fintzeko edo afinatzeko prozesua kontrolatzea espero da, lehengaietatik hasi eta produktua merkaturatu arte (prozesuak kontrolatzeko teknologiak erabiliz). Prozesuaren kontrol hori parametro fisiko-kimikoak eta mikrobiologikoak aztertuz egingo da. Parametro horiek, aldi berean, afinatze-prozesua iragartzeko zenbakizko ereduak egiteko erabiliko dira (fabrikazio-sistema adimendunak landuz).

   

Zehazki, ezagutza berriak sortu eta eskuratu nahi dira honako hauen inguruan:

  • gazta urdin bat ekoizteko eta fintzeko parametro teknologikoei dagokionez,
  • kalitate sentsorial handiko gazta urdin bat ekoizteaz eta heltzeaz arduratzen den mikrobiomaren portaerari buruzko ezagutza sortzeari begira,
  • sentsoreak erabiltzea gazta urdin bat fintzeko prozesua kontrolatzen laguntzeko, eta, azkenik,
  • ontze-ganbera eraginkorrak diseinatzea ingurumen-baldintza ezin hobeak bermatuz, eta fintze-prozesuan zehar horien kontrol zehatza egitea ahalbideratuz.

Horrek guztiak honako hauek lortuko ditu: produkzio-kostuak minimizatzea (energia-eraginkortasuna), gazta akastunetatik eratorritako galera ekonomikoak minimizatzea (elikadura-jasangarritasuna, lurralde jasangarria, elikagai-xahuketa), digitalizazioa artisautza-prozesuen kontrol gisa txertatzea (IKTak integratzea), elikadura-arriskuak minimizatzea (elikadura segurua), eta nutrizio- eta zentzumen-kalitatea maximizatzea (elikadura osasungarria).

    

BLUECARE proiektuaren lantaldea 3 enpresak osatzen dute: horietako bi Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) Teknologia Zentroak dira (LEARTIKER S.COOP. alde batetik eta bere ESNE ZENTROA (proiektuaren buru) eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko (MU-MGEP) Fluidoen Mekanika Saila; eta bestalde, EAEko gaztagintza sektoreko enpresa bat, zehazki AMA TXO T.C. gaztandegia. Azken honek, aldi berean, lehen sektorea (ardi-esnearen ustiategi ekoizle gisa) eta sektore eraldatzailea integratzen ditu, bere esnetik abiatuta gaztak egiteari esker. Gaztandegiak berak merkaturatzen ditu bere gaztak banaketa-kate laburren bidez, tokiko ekoizpen jasangarria eta hurbileko elikagaien kontsumoa balioetsiz, eta, azken finean, Europako Etxaldetik Mahairako estrategiari bete-betean erantzunez.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren I+G+b Berriker 2022 laguntza-programaren barruan diruz lagundu da, eta 2023an ari da gauzatzen. Urte amaierarako lehen emaitzak izango ditugu.