Hungariako Gaztagile Elkartearen eskutik, herrialde horretako gaztagintza sektorea ezagutzen
Beti aipatu izan dugun bezala, Esneki Zentroaren xede nagusietako bat esne eta gaztagintza sektorea osotzen dugun ekoizle eta eragile ezberdinen arteko elkarlana sustatu eta harreman-sare zabal eta anitza sortzea da. Sektoreko errealitatea gertu gertutik ezagutzeak eta ahalik eta erreferentzia ezberdin gehien izateak, ezagutza handitzen eta epe motz zein luzerako erronka berriak identifikatzen laguntzen digu.
Helburu honi jarraituz, irailaren bukaeran Hungariara bidaiatzeko aukera izan dugu, bertako MAGYAR SAJTKÉSZITÖK EGYESULETE gaztagile elkarteak gonbidatuta. Irailaren 29an, elkarteak antolatuta, “MAGYAR SAJTMUSTRA” Hungariako gazta txapelketaren 11. edizioa ospatu zen Etyek herrian.
Antolaketa taldearen ahotan, aurtengo edizioan inoiz baino gazta gehiago aurkeztu ziren txapelketara, 169 guztira. Gehienak behi esnearekin ekoiztutakoak baina baita ahuntz zein ardi gaztak ere, txapelketan zehaztutako 35 kategorietan sakabanatuta. Epaimahai-taldea 38 dastatzaile profesionalez osotua egon zen, horietako 5 atzerritarrak eta horien arten Esneki Zentroko ordezkaria. Gazta oso interesgarriak ezagutu eta dastatzeko aukera paregabea izan zen. Hungarian gazta tradizional gutxi dago eta gaztandegiek Europako erreferentziazko gazta motak oinarri hartuta, beraien testuingurura egokitutako gazta bereizgarriak garatu eta ekoizten dituzte, oso eskaintza aberasgarria osotuz.
Txapelketaz gain, egun berean, gaztagintza sektoreari zuzendutako topaketa profesionala ere antolatu zen, gai tekniko ezberdinak jorratu zituzten hizlari ezberdinen eskutik. Jardunaldi tekniko horretan ere, Esneki Zentroak parte-hartze zuzena izan zuen gazten ontzearen inguruko hitzaldia eskainiz. Gainontzeko hizlarien artean, besteak beste, Bronwen Percival aurkitzen zen, “Reinventing the Wheel” liburuaren idazlea. Urte askotako esperientzia du gaztagintza munduan eta ezagutza sakona du esne eta esneko mikrobioen inguruan, “benetako” gaztagintzaren aldeko ideia argiak dituelarik.
Bestalde, bezperan, 5 gaztandegi ezagutzeko aukera paregabea ere izan genuen Hungariako gazta elkarteak hizlariontzako espreski antolatutako bisita gidatuei esker. Bisitatu genituen gaztandegiak hurrengoak izan ziren:
Paraszt Sajt: etxaldean bertan ereindako alpapa, belar, gari, garagar, olo eta artoarekin elikatzen dituzte Magyartarka arrazako behiak eta ontze luzeko behi gaztak ekoizten dituzte Frantzia eta Suitzako gaztak erreferentzia gisa hartuta.
Apis Farm: 2016. urtean hasi zuten jarduera 10 ahuntz besterik ez zituztela. Gaur egun, 40 ahuntz eta 6 behi dituzte, eta ekoiztutako esnea mota guztietako gaztetan eraldatzen dute: camembert, brie, raclette, etab. estiloko gaztetan.
Breier Farm: gaztak ekoizteaz gain, barazki eta haragi produktuak ere ekoizten dituzte. Esneari dagokionez, garrantzi handia ematen diote elikadurari, belarra lehenetsiz eta udaberritik udazkenera bitartean behiak zelaietan bazkatzen mantenduz. Gazta onduez gain, gurina eta jogurtak ere ekoizten dituzte.
Ezüst Kecske: 2010 urteaz geroztik ari dira lanean familiako etxaldean, Alpina arrazako 150 ahuntz zainduz eta beraien esnearekin, besteak beste, jogurta, quark, gazta krema, pasta biguneko gaztak eta gazta erdi onduak ekoiztuz. Azken gazta mota honi dagokionez 10 kg-ko gaztak dira, parmesanorako erabiltzen diren hartzigarri berdinekin ekoiztuak eta gainazal garbidunak.
Hegedüs Sajtmühely: hau ere, eredu familiarrean oinarrituriko gaztandegia da, aita-alabak kudeatzen dute. 2008. urteaz geroztik, urtean 60.000 litro esne eraldatzen dituzte, 7 gazta mota ezberdinetan.
Mila esker MAGYAR SAJTKÉSZITÖK EGYESULETE Hungariako gaztagile elkarteari gonbitea luzatu eta herrialde honetako gaztagintza sektorea gertutik ezagutzeko aukera eman izanagatik. Zorionak egindako lan guztiagatik!