NUTFOOD proiektua emaitza oparoekin bukatu da

Ikerketa proiektu honetan propietate osasungarriagoak dituzten animalia-jatorriko elikagaietatik abiatuta, giza osasunean egon daitekeen hobekuntzaren ebaluazioan ikertu da. Proiektua Leartikerrek gidatu du, Neiker, BioAraba eta UPV/EHUrekin lankidetzarekin batera.

Gaixotasun kutsakorrei so egotearen eta osasun-kontzientzia globala (ingurumenekoa, animaliena, gizakiarena) garatzearen garrantzia gogorarazi digun SARS-Cov2-aren baimenarekin, gaur egun, transmititu ezin diren gaixotasunak dira munduko osasun publikoaren erronka nagusia, osasungarriak ez diren elikadura-ohiturak areagotu direlako eta ariketa fisikorik egiten ez delako. “Jaten duguna gara” (somos lo que comemos) esaldi ezagun horretatik, eta gantz-azido saturatuetan aberatsak direla adierazten duten animalia-jatorriko elikagaien osaerari buruzko azken ikerketetatik abiatuta, biztanleriaren osasuna hobetzeko elikagai horien kontsumoa gutxitzea gomendatu izan da. Hala ere, bere konposaketa dietak eta ekoizpen moduak ere determinatzen dute, hau da, animaliak ere “jaten dutena dira” (son lo que comen).

   

Ideia horretatik abiatuta sortu zen 2020. urte hasieran NUTFOOD proiektua: “animaliak hazi oleaginosoekin elikatuz, osasunarentzat onuragarriak diren haragi eta esnekiak ikertu eta garatzea”. Asmo handiko proiektua izan da, animalia-pentsuak egiteko gantz-azido monoasegabeetan eta poliasegabeetan aberatsak diren landare-lehengaien egonkortasuna ekoiztetik eta ebaluatzetik pentsu horiekin elikatzen diren animalia-jatorriko produktuak (haragia eta esnekiak) irenstean gizakiak duen erantzun fisiologikora arteko jarraipena egin da. 2022ko ekainean bukatu zen proiektu honen burua Leartiker izan da, eta Neiker, Bioaraba eta UPV/EHUko MetaboloMIPs ikerketa-taldearen ezinbesteko lankidetzarekin gauzatu da.

  

Proiektua hotzean prentsatu ziren olio-hazien (lihoa, koltza, oleiko altuko ekilorea) tokiko ekoizpenarekin hasi zen. Prozesu honen ondoren, alde batetik, olio itxurako gantz-frakzio bat lortu zen, txerriak elikatzeko pentsua egiteko erabili zena, eta bestetik, opil itxurako frakzio solido bat, jezteko ardiak elikatzeko pentsua egiteko erabili zena. Opilak eta olioak hezetasun- eta tenperatura-baldintza desberdinetan biltegiratu ziren 8 hilabetez, eta egonkortasunean ez zen alde handirik ikusi denboran zehar. Ardien esne-ekoizpena ere ez zen aldatu pentsu desberdinez elikatutako artaldeen artean; baina, liho-olioz elikatutako txerriek, gainerako taldeek baino pisu gehiago irabazi zuten gizentze-aldi berean.

Olio-hazien bidez diseinatutako pentsuek eragin positiboa izan zuten ardi-esnearen eta txerri-haragiaren gantz-azidoen profilean, batez ere lihoz elikatutako animalietan, gantz-azido poliasegabeen ratio hobea lortu baitzuten aseekin alderaturik, eta azido linoleiko konjugatuaren proportzio handiagoa. Dieta orekatu batean, gantz-azido poliasegabeak eta azido linoleiko konjugatua osasun kardiobaskularrerako eta metabolikorako eragin onuragarri frogatuak dituzten mantenugaiak dira.

 

Lihoa protagonista duen saiakuntza kliniko kontrolatua

Proiektuan ikusitako lihoaren eragin positiboaz gain, haren ekoizpena Euskadiko nekazaritzako txandaketetarako aukera gisa baloratu zen, nekazarientzako errentagarritasuna izan dezakeen laborea delako, gizakien zein animalien kontsumorako egokia. Landare-ekoizpen hori aukeratu zen proiektuaren bigarren zatirako egokiena bezala; saiakuntza kliniko kontrolatu batean, nutrizio-ikuspegitik hobetutako lehengaiekin egindako esneki eta haragikien kontsumoak transmititu ezin diren gaixotasunetan izan dezakeen babes-efektua ebaluatzeko.

Ardiak eta txerriak lihozko pentsuarekin elikatu ziren, azterketa klinikorako produktu nahikoa lortzeko. Esne horrekin egindako esnekiak honako hauek izan ziren: Idiazabal motako gazta eta ardi-esnearen jogurta naturala; eta haragi elaboratuetan, hanburgesak eta txorizo ondua. Produktu horiek 100 boluntario osasuntsurekin egindako azterketa klinikoan erabili ziren, 4 taldetan ausaz banatu zirenak. Talde horietan, mota honetako produktuen kontsumoa NUTFOOD proiektuan ekoitzitako elikagaiengatik ordezkatu zen. Ikuspuntu organoleptikotik begiratuta, jakiak oso ondo baloratuak izan ziren ikerketan parte hartu zutenen aldetik, txorizo onduaren kasuan izan ezik, honen onarpena zertxobait txikiagoa izan baitzen.

Saiakuntza klinikoan parte hartu zuten boluntarioei jarraipen estua egin zitzaien, odolaren profil lipidikoa, inflamazio-markatzaileak, datu antropometrikoak eta inpedantzia-datuak kontrolatuz, bai produktu horiek kontsumitu aurreko hilabetean, eta baita esperimentazioko 12 asteetan. Saiakuntza honen emaitzetan ikusi zen, oro har, propietate osasungarriagoak zituzten elikagai eraldatuen kontsumoak ez zuela haien osasun-egoera hobetu edo okertu, ez talde esperimentalen artean, ezta kontrol-taldean ere. Horren arrazoia izan daiteke elikagaien osaera, eraldatuak izatean, normalizatu egin dela jatorrizko lehengaiari erantsitako propietate osasungarririk ez duten merkatuko beste produktu batzuekin alderatuta, edo beste azalpen bat ere izan daiteke, jarraipen-epe mugatua edo boluntario-taldearen lagin-tamaina.

Ondorio baikorrak

Laburbilduz, liho-haziekin formulatutako elikadura duten animalia-jatorriko elikagai eraldatuek onarpen handia dute kontsumitzaileetan, giza parametro fisiologikoei eragin gabe. Hala ere, animalien kontsumorako lihoaren ekoizpenak txerri-ekoizleen onurak handitu ditzake, beste olio-hazi batzuekin alderatuta hiltegirako pisu bizi egokia denbora laburragoan lortzeagatik; gainera, ardi-esnea eta txerri-haragia bezalako lehengaien profil lipidikoa hobetu dezake. Ziur asko, lipido-profilean lortutako emaitza onuragarri horiek giza fisiologian ere ikusi ahalko lirateke epe luzera, liho-hazien kontsumoarekin.

Azkenik, proiektu honetan egindako lanak erakutsi du labore hori eskualdeko ingurumenerako eta ekonomiarako onuragarria izan daitekeela, animalien eta gizakien kontsumorako tokiko laborea delako eta gainera biltegiratze-egonkortasun egokia duelako.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak finantzatu du ELKARTEK programaren 2020ko deialdian (espediente-zenbakia: KK-2020/00090).