Trebatu gurekin IKERTALENT 2024 beka-programarekin

Leartikerrek, beste urte batez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak abiarazi duen IKERTALENT 2024 laguntza programan parte hartuko du. Nekazaritza-, arrantza- eta elikagaigintza-sektoreko zientzia-, teknologia- eta enpresa-arloan ikertzaileak eta teknologoen prestakuntza sustatzera bideratutako laguntza-programa honetan, Leartikerrek bi beka eskainiko ditu teknologoen prestakuntzarako.

Alde batetik, Leartiker Elikagaien Teknologia alorrean, Elikagaien Diseinua espezializazioko proiektu batekin lotutako beka bat eskainiko dugu. ACES-PROF izenarekin, ekimen honen helburua da proteina alternatiboen eta hartzitutako elikagaien iturrien ikerketa-ildoen esparruan garatutako produktu berriak kontrolatzeko eta ebaluatzeko teknika analitikoak abian jartzea. Beraz, plaza hori betetzen duen pertsona produktuen karakterizazioan trebatuko da, kalitatea zehaztuko du, elikagaien segurtasuna bermatuko du eta produktu berrien ezaugarri osasungarriak ebaluatuko ditu.

Bestalde, Elikagaien Teknologia alorrean baita ere, baina kasu honetan Esneki Zentroan prestatzeko, beste teknologo plaza bat eskainiko dugu. Kasu honetan, Gaztagintza teknologiaren inguruko ezagutzak garatuz, gazta eta esneki berritzaileekin erlazionatutako proiektu bateri lotutako beka bat eskainiko dugu. GAZTAISEQ proiektuaren bitartez esnekien hobekuntza metagenomikoa bilatuko dugu, hartzidura prozesuetan mikroorganismoak identifikatu eta karakterizatzeko ikuspegi integral bat lortuz. Horrela, beka hau lortzen duen pertsonak esnekietan eragina duten mikroorganismoak identifikatu eta aztertzeko teknika genomikoak erabiliko ditu, hala nola; DNA anplifikatu eta kuantifikatzeko QPCR teknika, 16S eta ITS eremuak sekuentziatzeko analisi metagenomikoak eta WGS genoma osoaren sekuentziazioa.

Eskaerak egiteko epea 2024ko ekainaren 1etik uztailaren 1era bitartekoa da. Eta zuzkidura ekonomikoari dagokionez, bi teknologo plaza horrek hartzen dituzten pertsonak, urte bakoitzeko 17.000 euro gordineko laguntza ekonomikoa jasoko dute 2 urteko iraupena izango duen prestakuntza honetan.

IKERTALENT laguntza programari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, arrantza- eta elikagaigintza-sektoreko arlo zientifiko-teknologikoetan, merkatuetan eta enpresa-antolaketan garatu beharreko I+G+b proiektuetan parte hartuz, bertako teknologoen prestakuntza sustatzen da.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskakizun hauek betetzea ezinbestekoa da:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea, deialdia argitaratzen den urteko urtarrilaren 1etik gutxienez.
  • Eusko Jaurlaritzaren barnean nekazaritzaren, arrantzaren eta elikagaigintzaren sektoreetan eskumena duen sailak emandako antzeko beste laguntzaren bat ez jaso izana.
  • Goi-teknikariaren titulua izatea, Lanbide Heziketako goi-mailako heziketa-ziklo bat gainditu delako
  • Unibertsitateko gradu-titulu ofizial bat izatea edota Goi-teknikariaren titulua izatea, Lanbide Heziketako goi-mailako heziketa-ziklo bat gainditu delako.
  • Amaituta izatea aurreko eskakizunetako edozein betetzen duen titulua lortzeko ikasketak, eskabideak aurkezteko epea amaitu aurreko bost ikasturte osoak hartzen dituen aldian.

Ikusi eskaintza: https://leartiker.talentclue.com/eu/node/108259197/4590

Informazio gehiago: IKERTALENT 2024