
Esneki Zentroak 2025eko formazio eskaintza aurkeztu du
Leartiker Esneki Zentroak eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinen bitartez esneki sektorea indartzea du helburu, eta formazio espezializatua da zerbitzu horretako bat: esnekien sektorean egindako lanari esker lortutako esperientzia eta ezagutzak ekoizleei transferitzeko formazio saio ezberdinak.
2025erako, formazio eskaintza zabala egituratu dugu, eta maila eta ikuspegi desberdinetako ikastaroak eskainiko ditugu, gazta baten elaboraziotik hasi eta trebetasun espezializatuagoak garatzeraino. Azpimarratzekoa da, halaber, esnearen sektorean mundu osoan erreferente diren profesionalekin ere ikastaroak eskainiko ditugula. Adibidez, ekainean David Asher izango dugu gurekin, gaztagintza modu naturalean gauzatzeko ikastaroa emango duena. Eta ezin dira falta MONS Formationen ikastaroak, 2020tik Esneki Zentroa estatu mailako delegazio duena. Horrela, gaztak afinatzeko bi formaziorekin osatuko dugu gure eskaintza: bata gure instalazioetan eta bestea Frantziako egoitzan. Azken honetan, MONS Formation arloko arduraduna den Laurent Mons-ekin elkarlanean emango dugu ikastaroa.
Lehen seihilekoa: Gaztandegiko oinarriak eta dibertsifikazioa
Urteko lehen hilabeteetan, HAZI eta Artzai Eskolarekin elkarlanean, gaztagintzan eta ekimen berrien garapenean oinarritutako hainbat prestakuntza eskainiko ditugu. Martxoan, dibertsifikazio-ikastaro batekin eta esneki freskoei buruzko formakuntza saioekin hasi gara. Apirilean, gaztandegi berri bat sortzeko urratsak landuko dira; eta maiatzean, oinarrizko gaztagintza eta dibertsifikazioaren beste ikastaro bat egingo dira.
Ikastaro hauez gain, gazta mota zehatzetan zentratutako formakuntza espezializatuagoak ere antolatu ditugu gure eskaintza propioaren baitan. Maiatzean, pasta bigunak eta gazta laktikoak egiteko ikastaro bat eskainiko dugu, haien teknika eta berezitasunetan sakonduz, eta, ekainean, pasta prentsatuen teknologiarekin erlazionatutako ikastaroa, ekoizpen prozesuak eta ezaugarri zehatzak xehetasunez aztertuz.
David Asher: Era naturalean ekoiztutako gaztak
Ekainean, David Asher gurekin izango dugu aste osoko formazio bat eskaintzeko. David Asher, gaztagile naturala eta esne gordinezko gaztagintzaren aldekoa, mundu osoan ezaguna da bere ikuspegi tradizional bezain berritzaileagatik. Bere formazioen bidez, mundu osoko gaztagileei laguntzen die hartzigarri propioak eta gatzagi naturala erabiliz teknika tradizionalak berreskuratzen. Bere programak gaztagintzari buruzko ikuspegi berri bat eskaintzen du, ekoizpen komertzialean urteetako esperientzia dutenentzat ere aberasgarria dena.
Ikastaro honetan zehar, gazta-kategoria nagusiak aztertuko ditugu, baita kultibo abiarazle tradizionalak, ontze-ekologia eta gatzagi naturalaren erabilera bezalako oinarrizko kontzeptuak ere. Ikuspegi praktikoa eta eskuragarria izango du, eskala txikiko ekoizpenean zentratuz, gaztagintza-artisauaren printzipioak aplikatzeko aukera emanez. Horretaz gain, esne gordineko gaztak giza osasunean dituen ondorioei buruz eztabaidatuko da, eta gaztagintzaren testuinguruan gaur egungo abeltzaintzaren etikari eta erronkei buruz ere hausnartuko da.
2025 Udazkena: Formazioa eta espezializazioa
Udako geldiadiaren ondoren, irailean, bi eguneko iraupena izango duen gazta urdinen ikastaroa eskainiko dugu. Ikastaro honetan, gazta mota honen ekoizpen eta ontze teknikak barne hartzen dituzten urrats garrantzitsuenak landuko dira.
Urtearen azken hilabeteetan, bi ikastaro eskainiko ditugu MONS Formation barruan. 2020tik, Esneki Zentroa MONS Formation-en estatuko delegazioa da, gaztagile profesionalentzako prestakuntza-programak eskainiz, haien trebetasunak sakontzeko eta gazta artisauen sektorea garatzeko helburuarekin.
Beraz, urrian, MONS Afinazio ikastaroan, afinazioaren oinarrizko printzipioak, afinatzeko beharrezko tresnak eta mikroorganismoen papera gazten ontze prozesuan aztertuko dira Esneki Zentroaren gidaritzapean eskainiko den ikastaroan. Saio hauetan, afinazio prozesua, bere helburuak eta gazta mota bakoitzean bilatzen den emaitza nola lortu ulertzeko lan egingo da.
Urtea amaitzeko, MONS Experience programak hiru eguneko formazioa eskainiko du Saint Haon le Châtel-en, Frantzian, MONS Formation-en egoitzan. Egonaldian zehar, Laurent Mons (MONS Formation arloko arduraduna eta sektoreko nazioarteko erreferentea) eta Esneki Zentroaren gidaritzapean, haien instalazioak eta afinazio tunela bisitatuko dira. Bere ibilbidean zehar eskuratutako esperientzia eta ezagutzari esker, parte-hartzaileek afinazio prozesuetan aplikatzen dituzten printzipio eta teknikak ikasiko dituzte. Gainera, analisi sentsorialeko saioak egingo dira, afinatutako gazten emaitzak aztertzeko eta haien ezaugarrien pertzepzioan sakontzeko.
Gure ikastaroen inguruko informazio guztia gure webgunean dago eskuragarri: formazio espezializatua. Informazio gehiago behar baduzu, ez izan zalantzarik eta jarri zaitez gurekin harremanetan!