Ezagutzaren transferentzia Leartiker Esneki Zentroko lanaren epizentro gisa

Leartiker Esneki Zentroaren leloa mantra bat da lantaldearentzat: “Gure esnea, gure ekoizleak, gure osasuna“. Laburra da, baina esparru ezberdinetan ikerketa lanak burutzeko aukera ugari aurkezten ditu. Hori dela eta, duela 15 urte baino gehiagotik I+G+b proiektuen garapenean dugun inplikazioa zabala da.

Esneki Zentroaren helburu nagusietako bat ezagutza sortzea da. Epe laburrean, ertainean edo luzean, esneki sektorean aplikagarria izango dena eta produktu berrien garapenean, ekoizpen prozesuen produktibitatearen hobekuntzan, elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzen eta sektorearen potentzialtasuna hobetzen lagunduko duena. Helburu hori lortzeko, argi daukagu gure ezagutza guztia sektorera transferitu behar dela, horregatik, honen hedapena funtsezko puntua da garatutako proiektu bakoitzean.

ONDTEK, GAZTANOLA eta EZTAPHTOX, sektoreak dituen problematika edo eta beharretatik sortutako I+G+b proiektuen adibide argiak dira eta egitasmo hauetako bakoitzean lortutako emaitzak sektorera transferitzea da azken helburua.

ONDTEK Leartiker Esneki Zentroaren barne-proiektua da eta gazta onduen kalitatearen bikaintasuna bilatzen du. Gazta onduaren ekoizpen-prozesua baliozkotzeko asmoz, azterketa planifikatu bat burutzea da helburu nagusia, erreferentziako parametro fisiko-kimikoak ezartzea ahalbidetuko duena. Horrela, gaztandegiek aurrez finkatutako erreferentziazko parametro batzuk izango dituzte eta, parametro horiei esker, gaztek ontze prozesuan zehar izango duten bilakaera aurreikusi ahal izango dute. Horrela, eta hala badagokio, beharrezkoak diren ekintza zuzentzaileak ezarri ahal izango dituzte, merkaturatutako gazten kalitate maila egokia bermatuaz. Abian dagoen proiektu honek 15 hilabeteko iraupena izango du, eta gazta ondua ekoizten duten gaztandegietan aplikatzeko pentsatuta dago.

Transferentzian oinarritutako beste proiektuetako bat GAZTANOLA da, euskal gaztagintza sektoreak gazten ontze prozesuan egurrezko apalak erabili ahal izateko, Osasun Sailari salbuespena eskaera bideratzeko duen beharretik sortutako egitasmoa, hain zuzen. Proiektu honen helburu nagusia ebidentzia zientifikoak lortu asmoz ikerketa-jarduerak burutzea da, gazten ontze prozesuan egurrezko apalen erabilera elikagai-segurtasunaren ikuspuntutik segurua dela ziurtatzeko. Horrez gain, erreminta honek gazta urdinei eta gazta onduei tipikotasuna eta berezitasuna ematen dioten onura sentsorialak ere egiaztatu nahi dira. 15 hilabeteko garapenaren ondoren, 2024ko abenduan bukatuko den proiektu honek interes handia sortu du, horregatik, bi gaztandegi, Esnekigileen Euskal Elkartea (EEE), HAZI Fundazioa eta Elika Fundazioa ditu laguntzaile.

Bestalde, EZTAPHTOX, oinarrizkoagoa den ikerkuntza proiektua bada ere, erabat lerrokatuta dago esne-sektoreak dituen beharrizanekin. Esnetan eta esne gordinez ekoiztutako gaztetan Staphylococcus aureus-aren enterotoxina agertzeko, garatzeko eta sortzeko gaitasunei buruzko ezagutza handitzeko helburuekin sortutako egitasmoa da. 2023ko abenduan hasi eta 2024ko abendura arte, UPV/EHUko Lactiker eta Mikroiker ikerketa-taldeen eta Leartiker Esneki Zentroaren arteko lankidetzarekin, eta Artzai Gaztak eta Elika Fundazioak lortutako emaitzei egingo dien jarraipen hurbilarekin, proiektu honen helburu nagusia Euskal Herriko elikadura-katea balioestea da, kalitatezko elikagai seguruen ekoizpena, merkaturatzea eta kontsumoa bultzatuz.

Hiru ekimenak Eusko Jaurlaritzaren I+G+b-rako laguntzen Berriker 2023 deialdiaren bidez finantzatu dira: GAZTANOLA eta EZTAPHTOX, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek nekazaritza-sektorerako ezagutza sortzeko eta zabaltzeko I+G proiektuetarako laguntzen lerroan; eta ONDTEK, ezagutza sortzeko lerroaren bidez. Leartiker Esneki Zentroak emaitzen gardentasunarekin, hedapenarekin eta transferentziarekin duen konpromisoa argia da, eta horren adibide dira: gure taldeak sektoreari zerbitzu indibidualizatuetan eskaintzen dion informazio eguneratua, proiektuetan parte hartzen duten erakunde guztiekin bukaeran partekatzen duen materiala eta gure newsletter eta webgunearen bidez zabaltzen dugun informazio eguneratua.

“Gure esnea, gure ekoizleak, gure osasuna”, lema hoberik egon daiteke? Jarrai gaitzazu egunean egoteko!