Asteasuko Otzara Berriaren ‘Otzara Goine’ pasta bigunak irabazi du Euskal Herriko gaztarik onenaren saria, ESNEKI azokan

 

Tolosa esnekien hiriburu eta bilgune izan da azaroaren 3, 4 eta 5ean, estreinakoz ospatu den ESNEKI azoka bereziari esker. Tolosako Udalak eta Eliker Zentroak sustatuta, Tolomendi, HAZI Fundazioa, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, ekimen honen antolaketan burubelarri ibili da baita ere, Leartiker Esneki Zentroa.

Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esneki mota guztiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera eskaini du hitzordu gastronomiko berriak. Eta aniztasun horren ispilu izan da parte-hartzaile kopurua: hogeitik gora ekoizlek jarri dute postua azoka berezian, eta 99 gaztak hartu dute parte hitzordu nagusian, Euskal Herriko gazta eta esnekien lehenengo lehiaketan.

Hamabost kategoriatan banatu da txapelketa, eta maila bakoitzeko irabazleen artetik aukeratu du, gastronomia munduko 40 lagunek osatutako epaimahaiak, txapeldunen artean txapelduna. Asteasuko Goine Berriaren ‘Otzara Goine’ pasta bigunak jaso du Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusi hori. Pozik eta hunkituta jaso du saria Jose Antonio Otegui Aldaik, alabarekin batera.

Antolatzaileak oso pozik agertu dira egitasmoak izan duen erantzunagatik, “arrakasta” hitza erabiliz definitu dute ESNEKIren lehen edizioa. “Sektoreak ere erantzun du, garai samurrak bizitzen ari bada ere. Eta hori garrantzitsua ere bada, indarberrituta ateratzeko. Azken, batean, gazta, esnekiak, baita esnea bera ere, gure elikaduraren oinarri dira, eta hala izan dadin, balioan jarri behar ditugu. Eta, hori, gozatuz egin badaiteke, are hobeto”, azaldu du Xarles Iturbek, Tolosako udaleko Merkataritza, Feriak eta Turismoa saileko zinegotziak.

87 behi Frisoi Txapelketan

Euskal Herriko XIII. Frisoi Txapelketa ere goizean ospatu da Ferialekuan, hobekuntza genetikoaren eta ganaduzaleen eguneroko lanaren bidez lortu diren lorpenak ezagutzera emateko helburuarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 6 ustiategik hartu dute parte, 87 abelbururekin. Lehiaketa zortzi ataletan banatu da, eta sari nagusiaz gain, beste lau sari berezi banatu dituzte. Behien Txapeldunen txapelduna, Cascanteko Planillorentzat izan da.

Esnegintzan murgilduz

Azoka bereziaz eta lehiaketez gain, bestelako jarduerak egiteko aukera eman du ESNEKIk. Beotibar Pilotalekuan, esaterako, Euskal Herriko gazta ugari dastatzeko bisita gidatuak erabat arrakastatsuak izan dira, eta txanda guztietako txartelak agortu dira. San Frantzisko pasealekuko ‘Esnetan’ espaziora, berriz, familia ugari gerturatu dira. Besteak beste, txekorrak nola elikatu, esne motak bereiztu edo esnekiak sortzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu ahal izan dituzte etxeko txikienek.

_______________

I. ESNEKI TXAPELKETAKO SARIDUNAK

Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esneki mota guztien lehiaketa.

ESNEKI Sari Nagusia, Euskal Herriko Gazta Onena

Asteasuko OTZARA GOINE (Goine Berria, S.L.) pasta biguna izan da.

Maila bakoitzeko irabazleak

Gazta fresko eta gaztanberak

• Esne ekoizle eta eraldatzailea: Larreta

• Esne erosle eta eraldatzailea: Lactebal

Gazta laktikoak

• Esne ekoizle eta eraldatzailea: Askibil Auntzai Leuna

• Esne erosle eta eraldatzailea: Elkanoren Ondare

Pasta bigunak

• Esne ekoizle eta eraldatzailea: Otzara Goine

• Esne erosle eta eraldatzailea: Agour-en Arpea Oveja

Gazta urdinak

• Esne ekoizle eta eraldatzailea: Soloitza – Eskutxi

Behi-gazta onduak

• Esne ekoizle eta eraldatzailea: Pirineki

• Esne erosle eta eraldatzailea: Agour-en Ahumado Vaca

Ardi-gazta onduak

• Esne ekoizle eta eraldatzailea: Remiro

• Esne erosle eta eraldatzailea: Agour-en Ahumado Oveja

Ahuntz-gazta onduak

• Esne ekoizle eta eraldatzailea: Larruz Ahuntz Gazta

Gazta kremak

• Esne ekoizle eta eraldatzailea: Txikiñena

Jogurtak

• Esne ekoizle eta eraldatzailea: Txikiñena

• Esne erosle eta eraldatzailea: Biointegra (tradicional)

XIII. FRISOI TXAPELKETAKO SARIDUNAK

Sari Nagusia: Behi irabazlea

Planillo (Cascante)

Saria: Bigantxarik Onena

Ardeo (Gatika)

Sari berezia: Errape onena duen behia

Planillo (Cascante)

Ohorezko saria: Ganadutegi onena

Ardeo (Gatika)

_______________