Soloitza, energiaren erabileran eta aprobetxamenduan gaztandegi aitzindaria

 

Soloitza gaztandegi jasangarri eta berritzaile berria da, Arespalditzan kokatua, Aiaraldean (Araba).

2021. urte erdialdean ekin zion gaztagintzari, bere baserrian ekoiztutako esnea balioztatzeko helburu nagusiarekin. Jasangarritasuna eta berrikuntza dira gaztandegi honen zutabeak, eraikina bera zein azken produktuen diseinua jasangarritasun- eta berrikuntza-kontzeptuetan oinarritu direlarik.

Urruela familiak 60ko hamarkadan hasi zuen nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera. Hasieran, familiaren baserrian egindako esne eta esnekien ekoizpena autokontsumorako eta inguruetan esnea zuzenean saltzeko erabiltzen zen batez ere. 1971. urtean profesionalizatu zen jarduera, garai hartarako behi-etxalde berritzaile bat sortuz. Horrela, behi kopurua handitu egin zen eta, ondorioz, esne-ekoizpena ere bai.

Urte batzuk geroago, belaunaldi aldaketarekin batera, Urruela SC elkartea sortu zen eta Enriquek hartu zuen negozioaren gidaritza. Urte askoan zehar, ekoiztutako esnea zentralean saltzeko erabili da, baina Ziortza familiaren negozioan sartu zenean, enpresa-jarduera berri bati ekiteko eta balioa emateko beharra ikusi zen, balio erantsi handiko produktuak ekoiztuz. Hala, berrikuntza eta ingurumenarekiko errespetuan oinarrituta, familia-proiektuaren garapenean lehen urratsak ematen hasi zen eta gaztandegiaren sorrerarekin sendotu zen.

Soloitzak diseinu bioklimatikoa du eta eraginkortasun energetiko handiko sistemak ditu, hala nola, eraginkortasun handiko hotz-ekipoak eta errendimendu handiko hezetze-sistemak, eguzki-energia aprobetxatzeko eguzki-plakak eta urruneko kudeaketarako sistemak. Gainera, elaborazio-prozesuetan tresna teknologikoak erabiltzen ditu, esneki artisauen ekoizpena optimizatzeko.

Gaur egun, kontsumitzaileen aldetik oso harrera ona izaten ari den esneki sorta ekoizten dute. Jogurtak eta gazta freskoaz gain, beste produktu berritzaile bat garatzearen aldeko apustua ere egin du Soloitzak: behi-esnearekin egindako gazta urdina. Egia da Euskadiko gazta urdinaren ekoizpena handitzen ari dela, baina batez ere ardi-esnearekin egindako gazta urdina da.

Hala ere, arrakasta honen atzetik lan handia dago. Proiektua garatu bitartean, Ziortza gaztagintzarekin lotutako hainbat ikastaro espezializatutan trebatu da eta, Enriquerekin batera, Europa mailako hainbat gaztandegi bisitatu eta haiekin esperientziak partekatu dituzte. Barneratutako ezagutza horri esker, berme handiagoz lortu ahal izan dituzte ezarritako helburuak. Gainera, bere jardueraren hasieran Leartiker Esneki Zentroaren laguntza ere izan dute, gazta urdinaren ekoizpen-prozesua definitzeko aholkularitza teknologikoa eskaini zaie, elaborazio-etapa bakoitzean aplikatu beharreko parametroak definitzen lagunduz.

Soloitza urrats irmoak emanez jaio da, aurrerapen bakoitza sendotuz, garatzeko ahalmen handiarekin eta bere printzipioei tinko jarraituz. Ziortzak argi dauka gaztagintzaren lehiakortasuna bermatzeko gakoa berrikuntzan datzala, eta seguru gaude epe laburrean gazta berritzaile gehiagorekin harrituko gaituztela. Esneki Zentrotik zuen urratsak hurbiletik jarraitzea espero dugu!