Bizkaigane Elkartetik Txapel Koop Elkarte Txikira, betiko filosofian errotutako nekazaritza-ustiategi eta esneki ekoizle belaunaldi berria

Txiplas, Jon Karla eta Jon,  1983. urtean 25 urte inguru zituzten hiru gaztek, Bizkaigane proiektuari hasiera eman zioten Errigoitin, Bizkaian. Nekazaritza sektorean hain ohikoa den familia-negozio eredua alde batera utzi eta taldean lan eginez lehen sektorean murgiltzeko apustua egin zuten, hasiera baten, ekoizturiko esnearen salmenta zuzenaren bitartez.

Urteak aurrera egin ahala, lan taldea handituz joan zen eta eredu kooperatiboan oinarrituz Bizkaigane elkartea sortu zuten. 5 kidez osoturiko lan talde honek, nekazaritzan lan egiteak suposatzen duen lotura kontutan hartuta,  eredu honi esker, bizi kalitatea hobetzea lortu zuen eta urteko 365 egunetan txandaka jarduteko aukera ahalbidetu zuen.

Hasieratik argi  izan zuten lurrari lotutako abeltzaintza garatu nahi zutela eta era estentsiboan abereak maneiatzeko bidea jorratzen hasi ziren, horrela, 1.998. urtean, filosofia horri eutsiz, eredu ekologikoan ekoizteko apustua egin zuten.

      

Esnearen salmenta zuzena egitetik, burutzen zuten lanari balio erantsia eman nahian, esnekigintzan dibertsifikatzeko pausuak eman zituzten gazta freskoa eta gazta ondua ekoiztuz. Gerora, jogurtak eta behi gazta erdi ondua ere garatzen hasi ziren eta, animali espeziean ere dibertsifikazioa bultzatuz, Latxa ardiak ekarri zituzten eta hauek ekoiztutako esnearekin Latxa ardi-gazta ondua garatzeko aukera ikusi zuten.

Ia 40 urte pasa dira Bizkaigane sortu zenetik, eta honen sortzaileak erretiro adinera hurbiltzen joan diren heinean, belaunaldi-berritze prozesu bati hasiera emateko beharra ikusi zen. Honela, 2018. urtean Txapel Koop. Elkarte Txikia sortu zuten, gaur egun 10 kidek osotzen duen lan taldea. Berritze prozesu honetan, Bizkaiganeko ustiategi eta gaztandegiko instalazio berriak eraikitzeko proiektua ere garatu zen eta 2021. urteko urtarrilean 1.700m2-ko instalazio berriak, ardi eta behientzako ukuiluak eta gaztandegia inauguratu ziren.

Sorreratik eta ibilbide guztian zehar, Bizkaiganek, eta orain Txapel Koop-ek, eredu ekologikoan oinarritu du bere ekoizpena. Ardatz nagusia tokiko kontsumoan eta salmenta zuzenean oinarrituz, ekoizle eta bezeroen arteko harreman estua eta kalitatezko produktu osasungarrien garapenaren bitartez, inguruko bizilagun eta herriak elikatzea du helburu proiektu honek. Era berean,  merkatuan lehiakorrak izateko eta bezeroen fideltasuna bermatzeko, produktuen berrikuntzaren aldeko apustua egitea eta produktu gama zabaltzea ezinbesteko eginbeharra dela argi dute.

Leartiker Esneki Zentrotik Bizkaiganeko belaunaldi-berritze prozesu honek suposatu duen trantsizio egoera hurbiletik bizi izan dugu. Honela, azken 3 urteetan Bizkaigane eta Txapel Koop-ekin elkarlanean aritu gara produktuen berrikuntzan, esnekigintzako aholkularitza teknologikoa eskainiz eta ezagutza espezializatuaren transferentzia burutzen. Bizkaiganeko instalazio zaharretan hasi genuen elkarlana eta Txapel Koop-en instalazio berriak ere estreinatzeko aukera izan dugu, lan taldea ere geroz eta indartsuago eta lehiakorragoa delarik. Esneki Zentroaren laguntzaz, azken urteetako produktu sorta zabaltzeko aukera izan du, bezeroen beharretara egokitutako esneki produktu ekologiko berriak garatuz; besteak beste, gazta urdina, gazta laktiko belarreztatuak, kefirra eta gatzur edariak garatu ditu. Orain, gutxinaka produktu horrek merkaturatzeko pausuak ematen ari dira.

Hiru pertsonek hasi zuten Bizkaigane elkartearen ibilbidea, baina hainbat pertsona pasatu dira bertatik, momentu oro kementsu, gauzak eraldatzeko prest, etorkizunari begira eta beti ausart, gizarteak ematen dituen aldaketetara moldatuz, beti Bizkaigane elkartearen filosofiari tinko eutsiz eta belaunaldi berriei beraien ibilbidea jorratzeko bidea irekiz. Hau izan da orain arte BIZKAIGANEren filosofia, eta hau izango da TXAPEL KOOPena ere datozen urteetan:

“Natura errespetuz eta aniztasunez zaintzen duen nekazaritza eredua, abere, lurra, eta pertsonak errespetuz tratatzen dituena, eta nekazaritza iraunkorra oinarritzat daukana.”