A2 behi-esnearen ekoizpena berreskuratzea, esne sektorearentzat etorkizuna duen aukera?

Gaur egungo merkatu globalaren ikerketek A2 esnearen merkatua hazten ari dela adierazten dute. Zeelanda Berrian edo Australian bolumen handitan merkaturatuta, gure ingurunean gero eta gehiago daude etiketetan bereizgarri hori duten esne-markak. Hala ere, izen komertzialak ez dio kontsumitzaileari informazio askorik ematen benetan zer den jakiteko.

A2 esnea beste edozein bezala ekoitzi, jetzi eta prozesatutako behi-esnea da. Hala ere, esne mota hau ekoizten duten animaliak esnean sortzen duten proteinaren ezaugarriengatik hautatu dira genetikoki. Esnea, oro har, proteina ezberdinez osatuta dago, beta-kaseina barne. Bertako behi-arrazak berez A2 beta-kaseinaren ekoizle izan ziren, baina esne-bolumen handiagoa lortu ahal izateko hamarkadatan zehar egindako hautespen genetikoak A1 beta-kaseinaren mutazioa hedatzea ekarri du eta, beraz, gaur egun, A1 esnea da nagusi.

A1 beta-kaseinaren digestio-prozesuan beta-kasimorfina 7 ekoiztu daitekeela adierazten duten ikerketek daude, eta horrek, aldi berean, digestio-abiadura murriztu dezake eta hanturaren aldeko efektuak eragin ditzake. Sintomak laktosaren intolerantziaren antzekoak izan daitezke, laktosa ugaztunen esnean aurkitzen den azukrea izanik. Hortaz, diagnostiko medikorik izan gabe, laktosari intoleranteak direla edo esneak “astun erortzen diela” sentitzen duten pertsonek, A1 esnearen proteina baten ondorioz eragin kaltegarri hori jasan dezakete, A2 esnea kontsumituz ekidin dezaketena. Eta tamalez, egoera honek esnea bezalako elikagai oinarrizko eta elikagarri bat ezabatzera eramaten ditu beraien dietatik.

Ikerketek ere erakusten dute kontsumitzaileak osasunerako onurak eskaintzen dituen produktu baten truke gehiago ordaintzeko prest daudela. Testuinguru horretan, euskal abeltzaintzako hainbat ustiategik ekoizpen- eta merkatu-joera berri hori ezagutzeko interesa helarazi ziguten Esneki Zentroari. Literatura aztertuz, ikusi zen Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak ez dituela onartzen A2 esnearen digestio-osasunean eragin horiek, kontuan hartuta ez dagoela hori onartzen duen ikerketarik. Baina, horrez gain, beste ikerketek adierazten dute A2 betakaseinaren proteinaren egiturak esnearen propietate teknologikoen galerak ekar ditzaketela, hala nola emultsionatzaile, aparra eta koagulazio propietateetan A1 betakaseinarekin alderatuta. Azkenik, espero litzateke, A2 esnetik A1 esnerako aldaketa esne-ekoizpenaren eraginkortasuna bilatuz egin bazen, A2 esnea ekoizten duten animaliak hautatzerakoan horren beherakada antzematea. Azken bi faktore horiek galera ekonomiko handiak sor ditzakete esne ekoizpenean eta eraldaketan.

Ikerketa esparru honetan sakondu nahian, Esneki Zentrotik ESNEA2 proiektua eskatu dugu Eusko Jaurlaritzako “BERRIKER 2022” I+G+b-rako dirulaguntza deialdiaren baitan (ebazpenaren zain), A2 esnearen inguruko ezagutza berriak eskuratu eta zabaltzeko asmoarekin. Proiektua NEIKER zentro teknologikoarekin elkarlanean eskatu da eta EAE-ko 9 esne ekoizleren laguntza-gutunak jaso dira. Proiektu honi esker, A1 esnearekin alderatuz, A2 esnea ekoitzi eta eraldatzeko aukera eta mugei buruzko ikerketa burutuko da. Egitasmoak A2 behien esne-ekoizpenarekin zerikusia duten alderdiak aztertuko ditu eta baita koagulazioan izan ditzakeen ondorioak ere, beti ere emaitzak A1 esnearekiko alderatuz.

ESNEA2 proiektuaren lehen pausuak ematen hasiak gara jada. Erronka handiko ikerketa proiektua da, ilusio handiz ekiten duguna. Mantenduko zaituztegu informatuta!