
DAIRITAL, esne-ustiategi eta gaztandegietatik ESNEKI Zentroko berrikuntzara
Duela urtebete onartu zen ESNEKI Zentroa Leartikerrek lideratutako DAIRITAL proiektua, eta ordutik hona erritmo bizia darama ekimenak. Proiektua Interreg SUDOE deialdiaren bidez finantzatu da; lurralde-antolamenduan eta eskualde-garapenean mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen Europako programa bat da.
Proiektuaren helburua Europako hego-mendebaldeko esne-sektore tradizionalean berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzea da. Horretarako, urte honetan zehar hainbat estrategia esperimental landu dira, eta 2027an ekintza pilotuen bidez jarriko dira praktikan.

Gazten akatsen jatorri identifikatzeko eta zuzentzen laguntzeko webgunea
Zehazki, ESNEKI Zentroa proiektuan proposatutako sei zeregin esperimentaletatik lautan ari da aktiboki parte hartzen. Horietako lehena INIAV eta APS erakunde portugaldarrekin elkarlanean garatzen ari da, eta DOP Queijo Serpa gazta du protagonista. Portugalen lau gaztandegik ekoizten duten gazta honek berezitasun nabarmena du: ardi-esne gordinez eta gatzagi begetalez (Cynara cardunculus L.) egiten da. Gaur egun, ontze-denbora desberdineko bi bertsiotan merkaturatzen da. Lan-taldearen zeregina DOPeko ekoizleei gazten akatsen jatorria identifikatzen lagunduko dien webgune pilotu bat garatzea izango da, baita etorkizunean akats horiek saihesteko eta, ahal denean, zuzentzeko gomendioak eskaintzea ere. Lan hori aurrera eramateko, hainbat bilera egin dira, on-line zein presentzialak. Horrez gain, ustiategietara bisitak egin dira eta DOPeko Dastatze Panel Ofizialarekin elkarlanean aritu dira, Portugalgo Berja Unibertsitateak gidatuta.
Zeregin honek DAIRITAL proiektuaren mugak gainditu ditu, eta ESNEKI Zentroaren eta Portugaleko gaztagintzaren ezagutza-sarearen artean harreman estua sortu du. Ziur gaude etorkizunean ere jarraipena izango duen lankidetza emankorra izango dela.

Behi-esnearen aparra sortzeko gaitasuna aztergai
Bestalde, ESNEKI Zentroa behi-esnearen aparra sortzeko gaitasunen buruzko azterketa bibliografiko baten buru ere bada. Gai honek interes bikoitza piztu du partzuergoan. Alde batetik, tamaina txikiko ustiategietako behi-esnearen aparra sortzeko gaitasuna nola hobetu eta denboran egonkorrago nola mantendu ikertu nahi da; izan ere, gaitasun hori oso baloratua da ostalaritzan esnearekin egindako kafe edo cappuccino bat prestatzerakoan. Bestetik, gazta ekoiztera bideratutako esnean aparra ahalik eta gehien murrizteko moduak ezagutu nahi dira, aparrak urtero gazta-ekoizpenean galera handiak eragiten baititu. Aparra sortzeko gaitasunaren atzean dauden arrazoiak askotarikoak dira, eta ikerketa teorikoan aurrerapausoak ematen ari dira, kasu bakoitzaren beharren arabera irtenbide egokiak eskaini ahal izateko.
Teknologia infragorria (IG) errendimendua hobetzeko
Halaber, ESNEKI beste bi zereginetan ere ari da lankidetzan. Horietako lehena Frantziako bazkideek (IDELE eta CNBL) gidatzen dute, eta haren helburua teknologia infragorrian (IG) oinarritutako tresna digitalen errendimendua hobetzea da, ardi-esnearen kalitate-parametroen neurketetan emaitza zehatzagoak lortzeko. Gaur egun, gailu horiek behi-esnearen kasuan emaitza zehatzak emateko diseinatuta daude, baina hausnarkari txikien esnea aztertzean neurketa-parametroen emaitzetan desbideratzeak esanguratsuak izan daitezke.
Testuinguru horretan, ESNEKIk Euskadiko 10 ardi-ustiategitan bost astetan zehar esne laginketa egin du. Inguruko herrialdeetan, berriz, Portugalen APSren instalazioetan (DOP Queijo Serparen kudeaketa-erakundea) eta Frantzian CGRren instalazioetan (DOP Roqueforten kudeaketa-erakundea) hartu dira laginak. Lagin horiek, teknika tradizionalen bidez eta partzuergoko IG teknologiaren bidez aztertuko dira, ondoren, analisi numerikoaren laguntzaz, teknologia horrek ardi-esnean ere zehaztasun eta fidagarritasun handiz jarduteko behar dituen ekuazioak garatuko dira.

Ekonomia zirkularra, azpiproduktuen balorizazioa eta jasangarritasuna
Horrez gain, ESNEKI Zentroa proiektuko bazkide den KAIKU Kooperatiba Elkarteari laguntzen ari zaio behi-purinei gehitutako zenbait gehigarrik berotegi-efektuko gasen isurketetan eta laborantza desberdinetan duen gaitasun ongarrian duten eragina balioztatzen. Kaiku Euskadi, Nafarroa, Burgos eta Errioxan kokatutako 240 ustiategi biltzen dituen kooperatiba da, eta sektorearen beharrei modu bateratuan erantzuteko sortu zen.
Zeregin hau, INIAV-eko talde portugaldarrak gidatzen dituen beste jarduera batzuekin lotuta dago, eta DAIRITAL proiektuak ekonomia zirkularrarekin, ustiategietako azpiproduktu eta hondakinen balorizazioarekin, eta sektorearen ingurumen eta ekonomia jasangarritasunarekin duen konpromiso sendoaren erakusgarri da.
Sortutako ezagutza transferitzen
HAZIrekin ere lankidetza estuan ari da ESNEKI Zentroa, komunikazio eta emaitzen transferentziako jardueretan funtsezko bazkidea. Zeregin hori proiektu osoan zeharka garatzen bada ere, lan-pakete bakoitzean bere ezaugarri bereziak ditu, eta bi erakundeen arteko lankidetzari esker jarduera horiek arrakasta handiz gauzatzen ari dira.
Hurrengo pausuak
2026a amaitu aurretik osatuta egon beharko dute fase esperimentaleko emaitzek. Horri esker, 2027an Estrategia Transnazionala garatzen hasi ahal izango dira bazkideak, eta estrategia hori izango da proiektuko ekintza pilotuak diseinatu eta ezartzeko oinarria. Ekintza pilotu hauek gaztagintzara bideratutako ardi-esne ustiategietan egingo dira; Frantziako DOP Roquefort eta Portugalgo DOP Queijo Serpa jatorri-deiturei lotutako ustiategietan, eta, baita Euskadiko Kaiku Kooperatiba Elkarteko behi-esne ustiategietan.
DAIRITAL proiektuak ezagutza zientifikoa, landa-eremuko esperientzia eta sektorearekiko zuzeneko lotura uztartzen ditu. Lan hau aurrera eraman ahal izateko, ESNEKI Zentroak kudeaketa eta koordinazio zorrotza burutu behar izan du. Hala ere, proiektu honetan lankidetza ezinbestekoa da, eta, zorionez, oso modu arinean ari gara garatzen, bazkide guztien borondate onari eta lanari esker.
Horren erakusgarri izan zen partzuergoaren jarraipeneko bigarren bileran izan zen giro aparta. Topaketa ekainaren 22tik 24ra bitartean egin zen Roquefort-Sur-Soulzonen. Bisita teknikoez eta proiektuaren aurrerapenak aztertzeko lan-saioez gain, ekitaldi honek aukera eman zuen DAIRITALekin lotutako erakundeen arteko harremanak estutzeko eta bazkide bakoitzaren lan-arloetan sakontzeko. Horren ondorioz, proiektuko zenbait jarduera indartu dira eta etorkizunerako proiektu berrietarako ideia berriak ere sortu dira.

ESNEKI, Europa mailako sarea indartzen
Horrela, ESNEKI Zentroaren Europako sareak sendotzen jarraitzen du, ikuspegi, kultura eta tradizio desberdinak uztartuz, baina helburu amankomun batzuk partekatuz:
- Esne-sektorearen jasangarritasuna hobetzea
- Ustiategi txikien eta gaztandegien lehiakortasuna indartzea
- Digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa sustatzea
Guzti hau, ezagutza, lurraldea eta sektorea elkarrekin uztartuz.
Laister izango duzue egitasmo honen inguruko berri gehiago!