Latinoamerikako gaztak deskubritzen: Argentinara bidaia gaztandegi artisauak ezagutzeko eta ALQA elkartearen debutean parte hartzeko

 

Latinoamerikako hainbat herrialdetako artisautza-gaztandegien inguruko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan dugu oraintsu Argentinara egin dugun bidaian. Sortu berri den Artisau Gaztandegien Latinoamerikako Elkartearen lehen topaketan parte hartzera gonbidatuak izateko ohorea izan genuen eta, Argentinako hainbat eskualdetako ekoizleez gain, Mexikoko eta Uruguaiko ekoizleak ezagutzeko aukera izan genuen Buenos Airesko probintzian kokatutako Las Flores hirian ospatu zen ekitaldian.

Lehen topaketa honen kokalekua ez zen kasualitatea izan ordea, bertan kokatzen baita Santa Ageda, Eduardo Zurro eta Ana Rodriguezen gaztandegia, ardi-gaztak ekoizteko erregistratu zen lehen gaztandegi argentinarra. Beraiek ekarri zituzten frisiar arrazako lehen ardiak Alemaniatik 90eko hamarkadaren hasieran. Gazten artisau-ekoizpena bultzatzeko hiru hamarkadatan gogor lan egin ondoren (ardi-esnez egindako artzain-gaztak, azken urteetan behi- eta ahuntz-esnearekin ere lan egin duten arren), Eduardo eta Anak osatutako bikote aitzindaria erreferenteak dira gaur egun sektore horretan, eta Latinoamerika osoan banatutako beste ekoizle batzuen inspirazio iturri dira. Haiek izan dira, gaztandegi artisauak defendatzeko eta haien balioa nabarmentzeko helburuarekin sortutako ALQA elkartearen sustatzaileak eta bazkide fundatzaileetako batzuk. Eduardo Zurro da eratu berri den elkartearen presidentea.

Latinoamerikako 7 herrialdetako (Argentina, Uruguai, Kolonbia, Venezuela, Brasil, Mexiko eta Costa Rica) 37 gaztandegi elkarturekin jarri da martxan ALQA elkartea. Gazta mota guztiak ekoizten dituzte (pasta hilatuak, koagulazio laktikoko gaztak, gazta onduak, pasta bigunak, ore egosiak, etab.) eta baita bestelako esnekiak ere, behi-, ardi-, ahuntz- eta bufala-esnearekin eginak.

Herrialde eta produktu aniztasun handia biltzen dituen elkarte bateko kide izatea oso erronka handia izanik, egitasmo honen helburua esperientziak, arazoak eta konponbide teknologikoak partekatzeko, eta Latinoamerikako artisau-gaztak beren mugen barruan eta mugetatik kanpo ikusarazteko leku bat izatea da.

Las Floresen egindako topaketan parte hartu zuten gaztandegi desberdinetako gazta mota ugariak dastatu ahal izan ziren, eta horrek agerian utzi zuen gaztandegi desberdinek sortutako gazta barietatearen aberastasuna. Gaztendegietara bisitak ere egin ziren, Santa Ageda ardi-gaztandegia eta La Delfina esnekiak kasu, azken hau, gaztak eta esnekiak (proboleta, mozzarella, jogurtak, esne-gozoa, etab.) ekoizten dituen bufala-esnearen ekoizlea. Eta jakina, argentinar erreketa zoragarriak ere presente izan ziren, esperientziak partekatzeko eta harremanak estutzeko une paregabeak.

Topaketaren ondoren, Argentinako gure abenturak aurrera jarraitu zuen Buenos Aireseko probintzian banatuta dauden beste 5 gaztandegitara egindako bisitekin: Champ Elysées baserria (ahuntz-gazta frantsesetan inspiraturikoa), Chacra Alba Lana (ardi-gazta italiarretan inspiratua), Tambo de ovejas Weke, Tambo de cabras Valle de Goñi eta Granja La Piedra (ahuntz- eta behi-gaztak). Hemendik gure esker ona helarazi nahi diegu Elise, Fernando, Gloria, Guillermo, Reggina, Horacio, Marina, German, Maria eta Griseldari, ateak irekitzeagatik eta zuen proiektu pertsonalak ezagutzeko aukera emateagatik. Zuekin partekatutako uneek esperientzia zoragarria bihurtu dute Argentinara egin dugun bidaia!

Argentinara egindako bidaiari esker, Latinoamerikako gaztandegien errealitatea, epe laburreko helburuak eta behar teknologikoak bertatik bertara ezagutu ahal izan ditugu. Gure partetik, Esneki Zentroak artisau-gaztandegien lehiakortasuna bultzatzeko eta hobetzeko eskaintzen dituen zerbitzuak aurkeztu dizkiegu. Aurrez aurre konektatzeak, bizipenak trukatzeak eta elkarri lagundu diezaiokegun arloak aztertzeak, etorkizuneko proiektu erakargarriei atea irekitzen die. Une hori iristeko irrikaz gaude!