TXIKIÑENA, bertoko esneki artisauak

Txikiñena, Lea-Artibai Eskualdean, Berritxun, sortu berri den gaztandegia da. Inguruko biztanleei bertoko ahuntz eta behi esneki fresko, natural eta osasungarriak eskaintzeko helburuarekin eman diote hasiera jarduera berri honi.

Azken urteotan gaztagintza sektore artisaua indarra hartuz joan dela nabarmena da. Urtez urte esnekigintzara bideraturiko jarduera berriak ari dira martxan jartzen eta gure herrietako azoka eta merkatuetan aurki dezakegun esneki artisauen eskaintza geroz eta zabalagoa da.

Gaur egun ere ardi gaztek merkatuan presentzia handia izaten jarraitzen duten arren, geroz eta gehiago dira esnea eraldatzeko apustua egiten duten behi ustiategiak, baita ahuntz ustiategi berriak sortzeko apustua egiten duten ekoizleak ere. Hau honela izanik, 2019. urtean Euskal Ahuntz Esne Elkartea sortu zen azpisektore honek izan ditzakeen behar amankomunak asebetetzeko asmoz.

Elkarte honen bazkide den Aimar Bilbaok urteak daramatza abeltzantzan lanean, eta 2020. urtearen amaieran, bere lan jarduera dibertsifikatu eta Amalur Arrietarekin batera, ahuntz eta behi ustiategiak martxan jarri zituzten, familia ereduan oinarrituriko negozioa garatzeko helburuarekin. Ahuntzak Florida arrazakoak, behiak aldiz Fleckvieh-ak.  Azken hauek gainera, A2 ziurtagiria daukate, hau da, A2  β-kaseina sortzen dute eta beste behi esne batzuk baino errazago liseritzen da. Dibertsifikazioa oinarritzat hartuta, familiak berehala egin zuen Berritxun gaztandegia sortzeko apustua. Honela, aurtengo urtearen hasieran gaztandegiko eraikuntza lanak amaitzean, produktuen garapen lanari ekin zioten.

Hasierak ez dira inoiz errazak izaten, eta kasu honetan are gutxiago kontutan hartuta orain arte, esnekigintza sektorea arrotza izan dutela. Hori dela eta, Txikiñenak Esneki Zentroa izan du bidelagun jarduera berria martxan jartzerako garaian. Lehenengo beharrezko ezagutzak transferitzeko eta barneratzeko aholkularitza teknikoa eskaini zaie eta elkarlanean ahuntz eta behi esneki berriak garatu ditugu. Gaur egun dagoeneko Txikiñenak esneki sorta zabala dauka merkaturatuta; ahuntz eta behi esnez ekoiztutako jogurtak, esne nahastez ekoiztutako gazta freskoa eta ahuntz gazta laktikoak besteak beste.

Martxan jarri berri duten negozio honetan, Aimar animalien maneiu eta zainketaz arduratzen den bitartean, Amalur gaztandegiko arduraduna da, produktuen ekoizpena eta merkaturatzea berak burutzen dituelarik.

Bertoko esneki artisauak dastatu nahi badituzu, zatoz Txikiñenara!