Milksuit, lankidetza eta berrikuntza esne-sektore lehiakorrago baterako

Euskal Herrian, esne-ekoizpena tradizionalki sistema intentsiboetara bideratu da, kantitatea kalitatearen gainetik lehenetsiz. Eredu horrek, siloaren erabilera ohikoan oinarrituta, arazo teknologikoak sortzen ditu gaztagintzan: esporak, bakteria alteratzaileak eta Listeria monocytogenes bezalako arriskuak. Ondorioz, elikagaien segurtasuna eta gaztandegien errentagarritasuna arriskuan jartzen ditu.

Egoera hori iraultzeko sortu da MILKSUIT proiektua, abereen elikadura eta kudeaketan aldaketak eginez, siloaren erabilerarik gabeko dietak eta Higiene Praktika Egokiak (HPE) sustatuz, gaztarako egokiak diren ezaugarri fisiko-kimiko eta mikrobiologikoak dituen esnea lortzeko. Egitasmo hau Euskal Autonomia Erkidegoko elikadura-kateetan eta egurraren balio-kateetan lankidetzaren bidez berrikuntzarako laguntzen deialdian kokatzen da (2. lerroa: Lankidetza Taldeak). Bere helburua esne-sektorearen benetako behar bati erantzutea da: esnearen kalitate teknologikoa eta mikrobiologikoa hobetzea, gazta seguru eta bereiztuak ekoizteko.

Lan taldea

Proiektua honakoen arteko lankidetzan garatu da:

  • Lau euskal esne-ekoizle: Urruela S.C., Ondazarte Gain S.L., Beñat Telleria eta Aitor Zapiain.
  • Bi zentro teknologiko: LEARTIKER S.COOP. (liderra eta dinamizatzailea) eta NEIKER (animalien elikadura eta ongizatean aditua).

Aliantza honek ikuspegi multidiziplinarra bermatu du, ezagutza zientifikoa, esperientzia praktikoa eta jasangarritasunarekiko konpromisoa uztartuz.

Helburuak

Proiektu honen bitartez hurrengo helburuak lortu nahi izan dira:

  • Abereen elikadura optimizatzea, esnearen gaztarako egokitasuna hobetzeko.
  • Arrisku mikrobiologiko eta teknologikoak murriztea HPE bidez.
  • Balio erantsiko behi-gaztak ekoiztea, eskaintza dibertsifikatzeko eta sektorearen lehiakortasuna handitzeko.
  • Ustiategien jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa sustatzea.

Egindako lanak
Lehen fasean, ustiategien kudeaketaren eta esnearen kalitatearen diagnostiko zehatza egin da. Ondoren, dietan eta jezteko ohituretan hobekuntzak proposatu eta ezarri dira, prestakuntza espezifikoarekin batera. Aldi berean, analisi fisiko-kimiko eta mikrobiologikoak egin dira esnearen kalitatearen eta egokitasun teknologikoaren bilakaera monitorizatzeko, baita pasta egosiko gazta onduen prototipoak garatzeko ere.

Suitzara bidaia: ikaskuntza zuzenean

Proiektuaren mugarrietako bat Alpeetara egindako bisita teknikoa izan da, behi-gazta kalitate handiko ekoizpenean munduko erreferentea den eskualdera. Bertan, siloaren erabilerarik gabeko elikadura eta kudeaketa praktika aurreratuak ezagutzeko aukera izan zen, gazta alpinoetarako esne bikaina bermatuz.

Gainera, belar-lehorgailuen garrantzia azpimarratu zen, eskualde honetan oso ohikoak diren soluzio tradizionalak, urte osoan kalitatezko forraja bermatzeko. Lehorgailu hauek aireztapen-sistemak erabiltzen dituzte belar moztua azkar lehortzeko, hartzidura kaltegarriak saihestuz eta balio nutritiboa mantenduz. Horrela, behiak belar lehorrez eta larre naturalaz elikatzen dira, esporak gutxituz eta esnearen gaztarako egokitasuna hobetuz.

Larra, elikadura-iturri nagusi gisa, arretaz kudeatzen da: mozketa mailakatuak, lehortze azkarra eta biltegiratze egokia, zuntz eta mantenugaiak gordetzeko. Praktika hau, siloaren absentziarekin batera, funtsezkoa da esne garbi eta egonkorra lortzeko, pasta egosiko gazta onduak egiteko ezin hobea, Alpeetako tradizioaren ikur diren produktuak.

Esne-ustiategietara egindako bisitez gain, hainbat gaztandegitara ere joan ziren gazta nola egiten den praktikan ikusteko, baita afinazio-prozesuak ezagutzeko ere. Azkenik, MILKSUIT proiektuko taldeak Agroscope-ren funtsezko rola ezagutu zuen, Suitzako erreferentziazko zentroa nekazaritza- eta elikadura-ikerketan eta esne-teknologian. Esnearen kalitateari eta eraldaketa-prozesuei buruzko ikerketak gidatzeaz gain, Agroscope aitzindaria da gaztagintzan hartzidura seguru eta egonkorrak bermatzeko ezinbestekoak diren esne-kultibo abiarazle eta babesleen garapenean. Liebefeld bezalako hartzigarri ezagunek gazta suitzarren identitate sentsoriala mantentzea eta akats teknologikoak saihestea ahalbidetzen dute, kalitate handiko produktuak bermatuz eta sektorean galerak murriztuz.

Espero den inpaktua
MILKSUIT-ek ez du soilik esnearen eta gaztaren kalitatea hobetu nahi, baizik eta euskal esne-sektorearen lehiakortasuna indartu, elikagai-xahuketa murriztu eta ekoizpen-sistema jasangarriagoak sustatu. Horri esker, merkatu-aukerak zabalduko dira eta lurraldeari lotutako eredu agroalimentario berritzailea sendotuko da.