Know N Cheese Europako POCTEFA proiektu berria
Know N Cheese Europako POCTEFA programaren baitan kokatzen den proiektua da, Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugan garapen iraunkorra sustatzea helburu duena; integrazio ekonomikoa eta soziala sustatuz, kolaborazio proiektuen bidez berrikuntza, ingurumena, kultura eta enpresa-lankidetza bezalako funtsezko arloetan.
Zer da Know N Cheese?
Know N Cheese-k POCTEFA eremuko esnekien eta gaztagileen sektoreko mikroETEen eta ETEen lehiakortasuna handitzea du helburu. Egitasmo honen ikuspegiaren ardatza ezagutza berria sortzea da, sektorea indartzeko ez ezik, baita gizarte eta ingurumen jasangarritasunak esnegintzan duen garrantziaz kontsumitzaileak sentsibilizatzeko ere.
Helburu hauek lortzeko, hainbat ekintza burutuko dira, besteak beste:
- Ezagutzaren diagnostikoa: Ekoizle tradizional eta kontsumitzaileek esne-ekoizpenaren jasangarritasunaren inguruan duten ezagutza mailari buruzko azterketa sakona egingo da.
- Klima-aldaketari buruzko saiakuntzak: Klima aldaketak esnearen propietate teknologikoei eta elikagaien segurtasunari nola eragiten dien ebaluatzeko saiakuntzak egingo dira. Horrez gain, esnekien ekoizpenak eta eraldaketak klima aldaketan duten eragina ere aztertuko da.
- Berrikuntza eta Jasangarritasuna: Ekoizpen eredu iraunkorragoak sustatzen dituzten praktika eta irtenbide berritzaileen aplikazioaren eragina aztertuko da.
- Trebakuntza eta prestakuntza: Azterlan eta saiakuntzen emaitzetan oinarrituta, trebakuntza programak egingo dira esnegintza sektoreko eragileentzat eta POCTEFA eskualdeko kontsumitzaileentzat.
Patzuergoaren lehen bilera presentziala
Proiektuari otsailean eman genion hasiera, eta ordundik lanean aritu gara finkatutako helburuak lortzeko. Joan den astean, patzuergoaren lehen bilera presentziala izan genuen Esneki Zentroko instalazioetan, arrakastarako bidean jarraitzeko funtsezko pausoa.
Lehenengo egunean, Larruz gaztandegia (Markina-Xemein) bisitatu genuen, eta bertako ekoizpen prozesua gertutik ezagutu eta bazkideekin arratsalde atsegin batez gozatu ahal izan genuen. Bigarren egunean, jarraipen-bilera ospatu zen, eta proiektuaren lehen sei hilabeteetan egindako lana zehatz-mehatz aztertu genuen. Bazkide bakoitzaren ekarpenak berrikusi eta datorren seihilekorako lan-bideak adostuz.
Patzuergoa
Leartiker ESNEKI ZENTROA buru duen proiektu honek 3 urteko iraupena izango du eta, gainerako bazkideekin batera, finkatutako helburuak lortzeko lan egingo dugu: HAZI Fundazioa, Prosumerlab, BETA Technological Center, Institut de l’Elevage (idele), Interprofession du lait de brebis des Pyrénées-Atlantiques.