Izozki paletak, izozkigintza artisauan joera berria
Beste elikagai batzuekin gertatu den moduan, izozki poloak ere kasualitatearen ondorioz sortutako produktuak dira. 1905. urteko negu hotz batean San Frantziskoko badian bizi zen Frank Epperson gaztea bere etxeko portxean jolasean ari zen freskagarri nahaste batzuk prestatzen. Ahaztuta utzi zituen eta ordu batzuetara, bueltatu zenean, freskagarriak gogortu, izoztu, egin zirela ohartu zen eta hauek kontsumitzeko era dibertigarria iruditu zitzaion hura. Handik urte batzuetara, “Popsicle” marka erregistratu gisa ezagutuko ziren poloen ekoizpen prozesua patentatu zuen.
Geroztik, polo, paleta, popsicle, picolé, pirulí, eta beste hainbat izenez ezagutzen dugun izozki kontzeptua mundu mailan zabaldu da, batez ere modu industrialean garatutako produktu gisa.
Duela urte gutxi batzuk berriz, Estatu Batuetan, Mexiko, Kolonbia eta Panama herrialdeetan besteak beste, izozkigintza artisaua indartsu hasi zen izozki paleten garapenean. Gaur egun, Euskal Herriko hiri eta herri ezberdinetan ere aurkitu ditzakegu, izozki denda edo kaleko postu eta foodtruck-etan salgai.
Orain arte era industrialean garatutako izotz poloek ez daukate zer ikusirik gaur egun ezagutzen ditugun paleta artisauen kontzeptuarekin. Lehenengoak, ura eta azukreak oinarri gisa hartuta ekoizten dira, kolore eta zapore ezberdinak lortzeko gehigarriak erabiltzen direlarik, eta itxuraz eta testuraz izotzaren ezaugarriak mantentzen dituzte. Paleta artisauen kontzeptua aldiz guztiz ezberdina da. Oinarri gisa ura edo esnea erabili daitezke, eta kolore eta zaporea aportatzen dioten osagai naturalak erabiltzen dira, frutak, fruitu lehor pastak, txokolateak, gaztak, etab. Hori dela eta, azken hauen ezaugarri sentsorialak ezberdinak dira, zapore naturala, gorputza, testura krematsua, etab., aurkezten baitituzte.
Paleten garapenak bilakaera handia izan du azken urteotan eta kasu batzuetan gourmet produktua izatera ere iritsi da. Zapore konbinazio ezberdinak, testura elastikoa, gogorra edo biguna, eta betegarri (paletaren erdialdean gehitzen diren nahaste likidoak) eta kobertura (izozki paletaren kanpoaldea estaltzen duten txokolate, fruitu lehor pusketa, etab.) ezberdinak erabili daitezke. Hori dela eta, paleta artisau on baten garapenerako ezinbestekoa da, lehen mailako lehengaiak erabiltzeaz gain, paletaren formulazio orekatua eta ekoizpen prozesu kontrolatua burutzea, honek definituko bait du izozki paletaren kalitate sentsoriala; gozotasun puntua (POD), izozte puntua (PAC), gogortasuna, elastikotasuna, krematasuna, zapore intentsitatea etab.
Esneki Zentroan urteak daramatzagu esnekigintzan aholkularitza teknologikoa eskaintzen, baita izozkigintza artisauan ere. Eta esneki sektore artisauak dibertsifikazio bide honekiko agertu digun interesa ikurisik, gaur egun ekoizle ezberdinekin elkarlanean ari gara paleta artisauen garapenean. Behi eta ardi esnea oinarri hartuta, paleta gama zabala garatzen ari gara.
Izozki aldaera berri hau Euskal Herriko merkatuan ere indartsu sartu da eta ekoizpen hau bertoko esneari balio erantsia eman eta produktu eta merkatuen dibertsifikazioa burutzeko aukera izan daiteke.