
FACEnetwork 2025: hasten den erronkarako inspirazioa
Bidaia batzuk, bidaia sinpleak baino ez dira… eta gero bidaia bereziak daude: burua ideiez blai, maleta-bete oroitzapen eta bihotza gauza berriak frogatzeko bizi-bizi uzten dizutenak. Rovinj-en FACEnetwork (Farmhouse and Artisan Cheese & Dairy Producers European Network) urteroko kongresuan parte hartzeko Eslovenia eta Kroaziatik egindako gure azken bidaia, zalantzarik gabe bigarren kategoria horretakoa izan da.
Europako gaztagintza artisauaren sektorerako topaketa garrantzitsuenetako batean parte hartzeko aukera izateaz gain, motibazio- eta inspirazio-iturri izan ditugun esperientziak bildu ditugu, eskuartean dugun erronka berri eta handi bati aurre egiteko baliatuko ditugunak: FACEnetwork 2026ko Kongresuaren antolaketa Euskal Herrian.
Esloveniako gaztandegietara bisita: inspirazioz betetako hiru geltoki
Kongresura iritsi aurretik, Esloveniako hiru gaztandegitan gelditzeko aukera izan genuen. Ez ziren bisita tekniko hutsak izan, marka utzi ziguten hiru geltoki izan ziren: egin ziguten harrera beroa eta ekoizleekin sortu genituen harreman estuak, geldialdi bakoitza esperientzia ahaztezina bihurtu zuten.

Lehen geldialdia Sirarstvo Orešnik izan zen, Šentjošt nad Horjul herrian dagoen familia-baserria, Irena eta Dejanek duela hiru hamarkada sortua. Beraien ahuntzen esnea erabiliz gazta artisaua ekoizten dute: dedikazioz, zehaztasun teknologikoz eta tradizioarekiko eta naturarekiko errespetuan oinarrituta. Gure eskerrik beroena zuen etxeko ateak zabaltzeagatik, zuen ametsa partekatzeagatik, etxeko sukaldean eskainitako dastaketagatik eta mahai inguruan izan genituen elkarrizketa ahaztezinengatik.
Bigarren geldialdia Golden Ring Cheese izan zen, Sinji Vrh-en, 1.000 metroko altitudean eta Vipava haraneko ingurune ikusgarrian. Gaztandegi honek duen berezitasuna erabiltzen duten afinatze-metodoa da: gaztak gerra garaiko tunel zaharretan ontzen dituzte, eta erabateko iluntasunak, hezetasun konstanteak eta tenperatura egonkorrak aparteko baldintzak sortzen dituzte, pieza bakoitzari oso izaera berezia ematen diotenak. Eskerrak eman nahi dizkiegu Davidi eta Kristijani grappa kopa batekin egindako harrera bikainagatik, emandako azalpen guztiengatik eta gazten dastaketagatik.

Hirugarren geldialdia Gartner baserri turistikoa izan zen, Bohinj-en, Alpe Julianen Parke Nazionalean. Lucijak bere familiaren historia kontatu zigun eta errealitate birtualeko esperientzia batekin harritu gintuen: uda partean behiak eramaten dituzten larre alpinoetara bidaiatu genuen, gaztak nola egiten diren ikusteko. Mendian, Bohinjski sir ospetsua ekoizten dute, esne gordinarekin egindako gazta, tokiko tradizioari errotua. Berriz itzultzeko nahiarekin gelditu ginen, ekoizle hauen filosofia eta naturarekiko errespetua eta berrikuntza uztartzen dituzten metodoetatik ikasten jarraitzeko gogoz.

FACEnetwork: sare bat baino gehiago, komunitate bat
FACEnetwork Europako gaztandegi artisauen ahots kolektiboa da. Bere misioa erraza bezain indartsua da: gaztagile txikiak elkarrekin konektatzea, esperientziak partekatzeko, beren interesak defendatzeko eta jakintza tradizionala babesteko. Sare horri esker, gaztandegiek ikusgarritasuna irabazten dute, araudi edo erronka ezberdinetan elkarri laguntzen diote, eta landa-garapenean duten zeregina indartzen dute. Azken finean, FACEnetwork-ek Europako kultura- eta gastronomia-aniztasuna bultzatzen du, elkarrekin indartsuagoak garela erakutsiz.
FACEnetwork 2025 Kongresua
Urriaren 27tik 29ra Rovinjen (Kroazia) egin zen FACEnetwork 2025en Urteko Kongresuak Europa osoko artisau gaztagileak eta teknikariak bildu zituen, tokiko ekoizleei bisitak, marketinari eta gazta tradizionalen sustapenari buruzko hitzaldiak eta tailerrak, lantaldeetako eztabaidak eta elkartearen Batzar Nagusia ospatzeko.

Hiru egunez, parte hartzaileok esperientziak trukatu ahal izan genituen, proiektu berritzaileak ezagutu eta gazta artisauak turismoan eta hornidura-kate laburretan duen papera aztertu genuen. Eskualdeko baserri eta ekoizle artisauak bisitatu genituen, merkatu-estrategiei buruzko aurkezpen praktikoak izan genituen eta momentu gastronomiko gorena Europako gazten buffet handi batekin etorri zen. Urteko topaketa horrek, FACEnetwork-ek, Europan gazta-aniztasuna defendatzeko eta sustatzeko duen konpromisoa berretsi zuen.
Eta orduan… gure lekukoa iritsi zen
Kongresuko momentu hunkigarrienetako bat FACEnetwork-eko hurrengo urteko kongresua antolatzeko lekukoa eman zigutenean izan zen. Harrotasun handiz iragarri dezakegu, datorren urteko topaketa Euskal Herrian izango dela, eta Esneki Zentroak antolatuko duela! Gure esne-sektorearentzat ohore handia da eta, aldi berean, erantzukizun handia: aukera bikaina izango da gure esne ekoizle eta gaztandegien indarra erakusteko, gure balioak partekatzeko eta gure baserri eta tradizioak Europa osora zabaltzeko. Lurralde txikia izan arren, konpromiso eta bikaintasun handiko gaztagintza-sektorea dugula erakutsi nahi dugu.
Aurrera begira
Albiste honekin Kroaziako kapituluari amaiera eman eta ilusio handiz erronka berri eta polit bati zabaltzen diogu atea, kongresuaren hurrengo edizioaren antolaketa. Prestakuntzaz, lankidetzaz eta partekatutako ilusioz betetako urtea izango da. Datozen hilabeteetan kongresuari forma ematen joango gara, eta gure ukitu pertsonala jarriko diogu ahaztezina izan dadin. Laster xehetasun gehiago partekatuko ditugu, baina dagoeneko eskerrak eman nahi dizkizuegu bidaia honetan eta etorriko diren guztietan gure ondoan izateagatik.