Esnekigintzan

Urteko 12 hilabeteetan zehar Leartiker Esneki Zentroaren jarduera etengabea da. Eguneroko lan-dinamikaren zurrunbiloak ez digu tarterik uzten, momentu batez gelditu, eta egunen joan-etorrian esnekien mundu zirraragarri honetan egiten dugun lan guztiari erreparatzeko. Horregatik, urte berriari hasiera emateko aitzakiarekin, 2023an egindako lan guztia dastatzeko tartea hartu dugu.

Leartiker Esneki Zentroa, Euskal Herriko lehen esneki zentroa, duela 3 urte sortu zen HAZI eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Leartikerreko esnekien sektoreko espezializazioaren baitan egindako ia 15 urteko ibilbide luzearen jarraipen gisa. Esneki Zentroaren sorrera mugarri garrantzitsua izan zen Euskadiko esneki sektorearentzako. Modu pertsonalizatuan, eraginkortasunez eta lankidetzan oinarrituta, ekoizleak kontsulta teknikoak egiteko, trebatzeko eta berrikuntza proiektuak garatzeko erreferentziazko zentroa bihurtuz. Horren adierazle dira biltzen ditugun datuak. Azken urte honetan, I+G+b 20 proiektu inguru gauzatu ditugu, horietako batzuk gaztandegiekin lankidetzan produktu berritzaileak garatzera bideratuta, eta beste batzuk, ezagutza sortzen jarraitzeko barne-proiektuak: gaztagintza eta esneki ezberdinen inguruko teknologia, segurtasuna, digitalizazioa, ekonomia zirkularra, esnearen kalitate mikrobiologikoa eta gaitasun-teknologikoa, besteak beste.

    

I+G+b proiektuak.

Artisaua, tradizionala, ekoizle txikiz osatua, elikadura eredu jasangarriaren alde egiten duena, bertokoa, osasungarria, km0-n oinarritua, garaian garaiko produktuak eskaintzen dituena, konfiantzazkoa eta kultura eta tradizioari errotutako euskal esneki sektoreari eskaintzen diogun lankidetza eta tratu pertsonalizatua dira gure zutabe garrantzitsuenetakoak. Aholkularitza bila guregana jotzen duten ekoizleen konfiantza dugu, esaterako, beraien kalitate-prozesuak kontrolatzeko asmoz, kalitatearen autokontrolerako planen diseinuan lan egiteko gure zerbitzua kontratatu duten 22 gaztandegiak. Edo azken urte honetan eskaini ditugun askotariko formazio espezializatuetan parte hartu dute ia 100 pertsonak: sektoreko profesionalei zuzendutako gazta eta esneki ezberdinen teknologiarekin erlazionatutako ikastaroak, eta MONSekin mantentzen dugun hitzarmena. Gazten afinazioan mundu mailako erreferentea den formazio zentro honekin 2024rako ikastaro-eskaintza berria planifikatu dugu jada.

Esneki Zentroak lankidetzaren alde egiten duen apustua agerikoa da bere lan-eremu guztietan. Alde batetik, ia-ia familiakotzat ditugun ekoizleak daude, baina bestetik, elkarte, erakunde eta eragile sare handi bat ere badugu, eta haiekin aktiboki partehartzen dugu esnekien sektorearen egoeraren berri izateko, gure ezagutzak partekatzeko eta sektore horren barruan gure erreferentzialtasuna indartzen jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzako foro ezberdinetan ere presente gaude: Segurtasun mahaian, “Elikadura eta Osasuna” foro espezifikoan, RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin bat egiten duten talde eragileetan, eta, ELIKAn, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioan, besteak beste. Horrez gain, HAZI Fundazioa, Eliker eta Mantala Gastronomy euskal eragileekin ere aliantzak ditugu eta elkarte ezberdinetako kide ere bagara: QueRed (Red Española de Queserías de Campo y Artesanas), FACEnetwork (Farmhouse and Artisan Cheese and Dairy Producers European Network) eta sortu berri den Euskal Esnekigileen Elkartea, azken honen kasuan gainera, asistentzia teknikoa gure gain hartu dugularik.

     

FACEnetwork (Suitza) eta Busturian ospatutako dastaketa.

Euskal gaztagintzaren kultura

Euskadin dagoen gaztaren inguruko kultura gero eta handiagoa da, eta, hein handi batean, gaztandegi txikiak berritzen eta gazta- eta esneki-barietate berriak ekoizten hastearen ondorio zuzena da, horri esker, gure merkatuetan askotariko Km0 esneki artisau gehiago aurkitu ditzakegularik. Beste adierazle bat dastaketak dira, 2023an gizarteko eragile ezberdinei eta kontsumitzaileei zuzendutako gazta eta esnekiak dastatzeko hainbat saiotan parte hartzeko aukera izan dugu: “Euskal Gastronomiaren Topaketa” Mantala Gastronomy-ren eskutik (Busturia), “Euskal Gazten Gida”ren aurkezpen saioa dastaketa gidatu bidez (Gasteiz), eta ekoizleekin elkarlanean garatzen ditugun gazta berritzaileen aurkezpenerako kontsumitzaileekin egiten ditugun dastaketa saioak azoka zein ekintza espezifikoetan (Errezil, Igeldo…), besteak beste.

Euskal Gazten gida.

Azokak eta Txapelketak

Produktuen aniztasunari buruz ari garela ezin dugu ahaztu azaroan Tolosan ospatu zen ESNEKI azoka berezia, 2023an bere bigarren edizioa ospatu duen gazta eta esneki ekoizle nahiz zaleen erreferentziazko tokia. Esneki Zentroa Euskal Herriko gazta eta esneki barietate handia biltzen duen ESNEKI azokaren eta euskal gaztarik onenaren aitortza ematen duen Euskal Herriko Gazta eta Esneki Txapelketaren antolatzaileetako bat da. Iaz 85 gaztak parte hartu zuten lehiaketan eta sektoreko 30 ordezkarik osatutako epaimahaia izan zuen: teknikariak, ikertzaileak, denda espezializatuetako kudeatzaileak, banaketa-kateetako arduradunak, gastronomoak, sukaldariak eta komunikatzaileak, besteak beste.

Espainiako Gazta Onenen Txapelketa, GOURMETQUESOS, da Esneki Zentroa presente egoten den beste hitzorduetako bat. 2015. urtetik epaimahai lanetan aritu da bertan. Eta horrez gain, aurten gainera, Hungarian Cheese Champioship, Hungariako gazta txapelketan ere parte hartzeko aukera paregabea izan dugu.

     

ESNEKI azoka.

Munduko beste gaztagintza-errealitate batzuk ezagutzen

Hungariako gazta lehiaketara joateko gonbidapena Hungariako Artisautza Gaztandegien Elkartearen eskutik etorri zitzaigun. Gure ezagutza handitu eta epe labur eta luzerako erronka berriak identifikatzeko oso baliagarria izan da beraiekin partekatu genuen esperientzia zoragarri hura, Hungariako sektorearen errealitatea bertatik bertara ezagutu eta beste gazta- eta esneki-errefentzia ezberdin batzuetatik ikasiz. Antzeko beste bidaia bat urte amaieran Argentinara burutu genuena izan zen. Sortu berri den Gaztandegi Artisauen Latinoamerikako Elkarteak (ALQA), Buenos Aires probintzian ospatu zuten lehen topaketan parte hartzeko gonbitea luzatu zigun. 2023ak utzitako beste abentura ikaragarri eta aberasgarri bat, Latinoamerikako errealitatea, ekoizleak eta produktu zoragarriak ezagutzeko aukera eman ziguna.

Nazioartera egindako beste bidaietako batek Ingalaterrara eraman gintuen urte hasieran, gaztandegi ezberdinak eta gazta-denda espezializatuak bisitatzeko aprobetxatu genuena. Suitzara ere iritsi ginen urrian, Esneki Zentroa kide den FACEnetwork elkarte europarraren urteko bilerara. Workshop eta jardunaldi teknikoetan parte hartzeaz gain, Grangeneuve zonaldeko gaztandegiak bisitatzeko tartea ere izan genuen. Zertxobait hurbilago, Iparraldera, ere joan ginen bertako gaztandegiak gertutik ezagutzeko.

Guzti hau ikusita, argi dago Esneki Zentroan egiten dugun lana handia eta anitza dela. 2023ak utzi digun ondo egindako lanaren sentsazioarekin, indarberrituta kolpe diogu urte berriari. Beste urte batez, ekoizleekin elkarlanean eta esneki-sektorearen ondoan egoten jarraituko dugu, sortzen diren beharrei irtenbideak bilatzen, gure errealitatea eta erronkak ezagutu eta ulertuz, elkarlanean gure bertsiorik onena emanez.

           

Argentina, Ingalaterra eta Iparraldeko irudi batzuk.

2024, prest gaude esnekigintzan topera jarraitzeko!