DAIRITAL

Europako hego-mendebaldeko esnekien industria tradizionalean berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzen

Esneki Zentroak Interreg SUDOE programako proiektu europar berri bat zuzenduko duela jakin berri du. Horrela, egitasmo berri hau 2024an abiatu genuen Know n Cheese proiektuari gehitzen zaio, gaur egun martxan dugun bigarren proiektu europarra bihurtuz. DAIRITAL izeneko proiektu berri honek 3 urteko iraupena izango du eta gure konpromisoa sendotzen du esne-sektorearen berrikuntza eta iraunkortasunarekin, baita Europa mailan ere.

Deialdira aurkeztu diren 200 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu dituzten 42 proiektuetako bat izan da DAIRITAL, beraz, egindako ahaleginak merezi izan duela esan dezakegu!

Zer da DAIRITAL?

DAIRITAL proiektuaren izenburua “Ekoizpen-sistema jasangarrien garapena SUDOE eremuko esne-sektore tradizionalean” da, eta Europako hego-mendebaldeko abeltzaintza-ustiategi txikiek eta artisau-gaztandegiek dituzten erronkei erantzuteko sortu da. Enpresa txiki eta ertain horietako asko, barnealdeko landa-eremuetan kokatuta egon ohi dira eta faktore sozial, ekonomiko eta teknologikoen ondorioz, desagertzeko arriskuan daude. Egoera hori iraultzea du helburu proiektuak, ekoizpen-eredu jasangarriagoak, digitalizatuak eta lurraldearen benetako beharretara egokitutakoak ezarriz.

Hurrengo hiru urteetan, Esneki Zentroak Estrategia Transnazional baten diseinuan lan egingo du, esne-sektore tradizionalaren arazo ohikoenei diziplina anitzeko irtenbide berritzaileak emateko. Irtenbide horiek lehenik esperimentalki balioztatuko dira, eta ondoren, benetako baldintzetan ezarriko dira, SUDOE landa-eremuko abeltzaintza-ustiategietan eta gaztandegietan egingo diren ekintza pilotuen bidez. Haien eragin ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa ebaluatuko da, eta ikasitakoarekin, Ekintza-plan Transnazional bat garatuko da, sortutako ezagutza sektoreko beste eragile batzuetara transferitzeko. Plan horrek tresna praktikoak eta hedapen-jarduerak jasoko ditu, irtenbide eraginkorrenak errazago inplementatu ahal izateko.

DAIRITAL proiektuan proposatutako irtenbideek SUDOE eremuko enpresa txiki eta ertain hauen ekoizpen-eraginkortasuna modu jasangarri eta digital batean maximizatzea dute helburu, honako alderdi hauek sustatuz:

  1. Ekonomia zirkularra (tokiko hondakinak eta alferrik galdutako elikagaiak berrerabiltzea)
  2. Elikadura-teknologia jasangarrien ezarpena (ekoizpen eta eraldaketa sistemak)
  3. Digitalizazioa (informatika- eta espektroskopia-teknologiak)
  4. Espezializatutako prestakuntza

Lurralde arteko eta diziplina anitzeko partzuergoa

DAIRITALek sustatzen duen partzuergoa lurralde artekoa eta diziplina anitzekoa da, eta I+G+Bko hiru zentrok, ETE batek,  hiru 3 elkartek eta sektoreari lotutako gobernu-erakunde batek osatzen dute. Hurrenez hurren, hurrengoak dira: Esneki Zentroa – Leartiker, Institut de l’Elevage (IDELE, Frantzia), Instituto Nacional de Investigação Agrária e Veterinária (INIAV, Portugal), Kaiku, Comité National Brebis Laitières (CNBL, Frantzia), Confederation Generale de Roquefort (Frantzia), Associação de produtores Queijo Serpa (APS, Portugal) eta HAZI (Eusko Jaurlaritza).

Gainera, sektorearen ikuspegi zabala eta adierazgarria ematen duten funtsezko kolaboratzaileen sarea ere izango du proiektuak, hala nola, Red Española de Queserías de Campo y Artesanas (QUERED), CONAFE, FENALAC (Portugal), FACENetwork, EEE, UPA, Neiker edo INAO (Frantzia), besteak beste.

Era berean, komunikazio-planaren helburua lortutako emaitzak eskualdeko ekoizle guztiengana ahalik eta eragin handienarekin iristea da. Horretarako, ekoizleak, ikertzaileak, enpresak eta erakundeak proiektuan parte hartzera gonbidatzen dira, beren ezagutza eta esperientziekin ekarpenak egitera animatzeko.

Interreg SUDOE

Proiektua Interreg SUDOE deialdiaren bidez finantzatu da, lurralde-antolamenduaren eta eskualde-garapenaren arloan lankidetza transnazionala sustatzen duen programa europar baten bidez. Proiektuaren aurrekontu osoa 1.511.978,67 eurokoa da, eta emandako FEDER diru-laguntza 1.133.984,02 eurokoa. Helburuak argi izanik, lan-plana zehaztuta eta finantzaketa bermatuta, partzuergoak landa-eremuetako lehen eta bigarren sektoreko esne-sektorearen merkatuan kokapena eta lan-aukeren ikuspegia hobetzea espero du, gazteen ekintzailetza erakarriz eta barnealdeko landa-eremuen zahartzea eta despopulazioa saihestuz.