Lekarozko Kortariko Bordaren ‘ERREKA’ gazta urdina izan da txapelduna ESNEKI Azokako III. Euskal Herriko Gazta eta Esneki Txapelketan
Gazta eta esneki ekoizle nahiz zaleen erreferentziazko tokia izan da Tolosa beste behin, ESNEKI azoka bereziari esker. Tolosako Udalak, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center, Esneki Zentroa Leartiker, EFRIFE, GIFE eta Tolomendiren laguntzarekin, indartsu bueltatu da ESNEKI bere hirugarren edizioan, bere erroak sendotuz eta jendartearen arreta bereganatuz.
Lehiaketak eta azoka
101 erreferentziak hartu dute parte hitzordu nagusian, Euskal Herrian ekoiztutako Gazta eta Esnekien Txapelketaren hirugarren edizioan. Gastronomia munduko 24 lagunek osatu dute epaimahaia ebazpenerako.
Bederatzi kategoriatan banatu da txapelketa hau: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua. Saridunak, bi azpi-kategoriatan banatu dira: alde batetik gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena, eta hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena bestetik.
Ikusi sarituen zerrenda.
Ondoren, gazta kategoria bakoitzeko irabazleen artetik aukeratu du epaimahaiak txapeldunen artean txapelduna. Lekarozko Kortariko Borda-ren ‘ERREKA’-k jaso du Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusi hori. Pozik, hunkituta eta familiarekin batera jaso ditu trofeoa, diploma eta txapela Irati Usandizagak.
Azokari dagokionez, denera, Euskal Herri osotik etorritako 25 ekoizlek jarri dute postua Tolosako erdigunean. Forma, heldutasun, zapore eta kolore guztietako gazta nahiz esnekiak dastatu eta erosteko aukera eman diete hurbildu diren herritar guztiei.
Aldi berean, Euskal Herriko XV. Frisoi Txapelketa ospatu da Tolosako Ferialekuan. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 7 ustiategik ekarritako 88 abelburuk hartu dute parte lehian, adinaren araberako zortzi mailatan sailkatuta. Ezaugarri morfologiko egokienak dituen animaliak izango dira irabazle, Frisoi Elkarteak bere partetik jakinaraziko dituenak.
Esnegintzan murgilduz
Azoka bereziaz eta lehiaketez gain, bestelako jarduerak ere egin dira ESNEKIren barruan. Beotibar Pilotalekuan, esaterako, aurreko edizioan arrakastatsua izan zen ‘Euskal Herriko Gazta Mahaia’ egitasmoa errepikatu da, Euskal Herrian ekoiztutako gazta ugari ezagutzeko dastaketa gidatua, Esneki Zentroaren eskutik. Aurten ez da bestelakoa izan, eta txanda guztietako txartelak agortu dira.
‘Errapetik ahorainoko bidea’ egitasmora eta ‘Esnetan’ espaziora ere, familia ugari gerturatu dira. Besteak beste, txekorrak nola elikatu, esne motak bereiztu edo esnekiak sortzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu ahal izan dituzte etxeko txikienek, behiak jezteko simulatzailea erabiliz eta jogurtak eginez.
Balorazio aparta
Esnekiren hirugarren edizio honetan batu den «jendetza» eta parte hartze altua nabarmendu ditu Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko merkataritza, turismoa eta azoken saileko zinegotziak: «eragile ezberdinen arteko elkarlanaren indarra ikusi ahal izan dugu, eta sektoreak eta herritarrek erantzun ona eman dute, beste behin. Gazta eta esneki ekoizleen lana balioan jartzeko eta Euskal Herriko aniztasuna erakusteko ahalegin bat gehiago da ESNEKI, gazta, esnea eta esnekiak gure elikaduraren oinarrian sendo jarrai dezaten», azaldu du Agirresarobek.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak ere, ekoizleen lana azpimarratu du: «ESNEKI azoka honek gure gastronomia eta abeltzaintza tradizionalak indartzeko aukera paregabea ematen du, eta euskal esneki eta gazten kalitatea eta aniztasuna agerian uzten ditu. Sektorea bultzatzen jarraitu behar dugu, elikaduraren oinarrian dagoen baliabide bat izanik, bertako ekoizleak babesteko eta euren lehiakortasuna bermatzeko».